Mocedades oroitzeko aukera Niessenen
Pasaiako Trebera antzerki taldeak 'Recordando a Mocedades' ikuskizuna taularatuko du Niessenen hilaren 30ean.
Asko ezaguna da Mocedades taldea. Herritarren doinutegi kolektiboko zati da Bizkaiko musika taldea, nolabait. Hori horrela, Pasaiako Trebera antzerki taldea Recordando a Mocedades musika eta antzerki ikuskizunarekin bira egiten ari da, eta hurrengo geltokia Errenteria-Oreretan izango dute: hilaren 30ean (ostirala) emango dute antzerki musikala Niessen Kulturgunean, 20:00etan hasita. Sarrerak 10 euroan dira salgai; ez dira asko gelditzen.
Treberatik esan dutenez, “adin jakin bateko” kideek osatzen dute taldea. Ilusioz eta gogoz ari dira. Antxon egiten dituzten entseguak, eta Mocedadesi lotutakoa haien ekimenez sortu eta egikaritu da, partaideen ekarpena ezinbestekoa delarik. Hala, Pasaian egitekoa den Pasaia 0 Kilometro jaialdian ere zabalduko dute lana, ekainaren 21ean.
“Abian dugun lan horrez gain, su txikian beste bi ikuskizun ari gara prestatzen”, aurreratu dute Treberako kideek.
