Soberako talentua dute
Sei domina lortu dituzte Don Boscoko ikasleek Eusko Skills lanbide heziketako olinpiadetan: Urrea, bi zilar, eta hiru brontze.
Irungo Fikoban egin dute Eusko Skills lehiaketa.Don Bosco Soberako talentua dutela argi utzi dute Don Boscoko ikasleek. Joan den astean—hilaren 13tik 15era egin dute— egin zuten aurtengo Eusko Skills lehiaketa Irungo Fikoban, eta Errenteria-Oreretako Lanbide Heziketako institutuko ikasleek goi-goian utzi dute maila. Sei domina eskuratu dituzte urrezkoa, zilarrezko bi eta brontzezko hiru. Lanbide heziketako olinpiadetan Araba, Bizkai, eta Gipuzkoako 50 lanbide heziketa ikastegietako 280 ikaslek hartu dute parte.
Hiru eguneko lehiaketatik harago doa Eusko Skills, izan ere, atzetik ikasle eta tutoreek makina ordu ematen dituzte prestaketa lanetan.
Zazpi skills edo espezialitateetan aritu dira Don Boscokoak: Karrozerian Olatz Castanedo, automobilen teknologian Alex Chicote, pinturan Nerea Etxenike, hozte eta aire girotuan Ewan Little, iturgintza eta berokuntzan Unax Aristizabal, elektronikan Ion Gabarain, eta soldaduran Beñat Romeo. Urrea karrozerian irabazi dute, beraz Castanedok Euskadi ordezkatuko du datorren urteko SpainSkills lehiaketan, Madrilen.
Zilarrezko bi dominak soldadura eta elektronikan irabazi dituzte, eta brontzezko hirurak, hozketa, iturgintza eta pinturan.
Don Boscok parte hartu duten ikasleen, tutoreen eta espezialitate gutzietako koordinatzaileen arteko “giro ona” jarri du nabarmen, “lanbide heziketa familia handi bat da, eta talentua soberan badagoela argi utzi dute”.
Eskerrak eman dizkie Don Boscok, gainera, Andoni Etxeberria, Patri Bengoetxea, Jon Urrusolo, Markel Manterola, Iñaki Retegi, Jon Ikardo eta Mikel Hernandez ikasleen tutoreei, “emaitzek erakusten duten ahalegin eta inplikazioagatik; ahalegin hori gabe, zaila baita domina horiek irabaztea”.
