Bere egunerako prest du dena Antxoko Basari Elkarteak
Larunbatean egingo du elkarte antxotarrak bere eguna, herrira zabalik diren goizetik gauerako ekitaldiekin.
Antxoko Basari Elkartearen eguna izango da larunbatekoa (hilaren 24koa). Ezker abertzaleko elkarteak egun osorako egitaraua antolatu du batetik elkarteak herriari egite dion ekarpena jendartera zabaltzeko, eta bestetik herrian giro berezia ezartzeko. Gogoz ibili dira bazkideak eguna antolatzen, hainbat lan batzorderen bidez.
Goizean hasi, eta igande goizaldera arte (hilak 25) iraungo dute ekitaldiek. Kultur, kirol, gastronomia eta haur jarduerak daude jasota ondu duten egitarauaren barruan (beheko zerrendan ikus daiteke). Alta, larunbata aurretik deialdia egin dute elkartekideek: egunerako eskatu ziren kamisetak jasotzeko egunak osteguna (hilak 22) eta ostirala izango dira, bi egunetan 18:30etik 20:30era, Gure Zumardian.
Herri bazkarirako txartelen bat oraindik erosi gabe dagoela azaldu dute elkartekideek. Horiek Mimos, Kamio, Dani, Axular eta Izadi tabernetan jarri zituzten salgai 15 euroan; Izadin baten bat gelditzen dela azaldu du Basarik.
2025ko Basari Eguna. Egitaraua.
- 10:45. Txupinazoa eta desfilearen hasiera Ibaiondotik. Partaideak: zanpantzarrak, dultzaineroak, Alkartxiki, txistulariak, erraldoiak eta buruhandiak.
- 11:00. Elkarteen arteko Batailoi jakia prestatzeko txapelketaren hasiera, Biteri plazan.
- 11:45. Hildako bazkideei omenaldia, Biteri plazan.
- 12:00. Biteri plazako karpako txosna irekiko dute.
- 12:00. Herri kirol desafioa, San Pedro eta Antxo artekoa. Haritz Casabal eta Emaitz Murua bertsolariek girotuko dute.
- 12:00. Murala margotzen hasiko dira, elizako paretan.
- 15:00. Herri bazkaria Biteri plazan.
- 17:00. Haurren Festa Biteri plazan.
- 18:00. Obaneuke taldearekin erromeria Biteri plazan.
- 22:00. Atxurra Sound Band Biteri plazan.
- 00:30. Ekain DJa Biteri plazan.
