Delitu zantzuak aurkituta, epaitegira bideratu du Papresaren gaineko salaketa fiskaltzak
Errenteria Osasunak eman du erabakiaren berri prentsa ohar bidez. Fiskaltzak baliabide naturalen eta ingurumenaren aurkako delitu zantzuak antzeman dituela dio Osasuna Errenteriak.
Fiskaltzak delitu zantzuak aurkitu eta Papresari buruzko salaketa epaiketara bidali duela jakinarazi du Errenteria Osasuna plataformak komunikabideetara helarazitako prentsa ohar bidez. Plataforma horrek salaketa aurkeztu zuen fiskaltzan 2024ko irailean enpresaren jarduerak eragiten dituen afekzioengatik —zarata, usainak… Urte bereko azaroan ikerketa eginbide prozesalak hasi zituen fiskaltzak.
Egindako ikerketen ondorioz fiskaltzak baliabide naturalen eta ingurumenaren aurkako delitu zantzuak antzeman dituela dio EO plataformak, “aurtengo martxoaren 7an dekretu baten bidez erabaki du egindako eginbide guztiekin batera salaketa epaitegira bidaltzea, hark beharrezko aurretiazko eginbideak has ditzan”.
Errenteria Osasunak “oso positibotzat” jo du berria, “erabaki horrek egin dugun salaketa eta gure lana babesten duela iruditzen baitzaigu”. Emaitzarekin baikor izna nahi duela ere esan du plataformak, “hala ere gure salaketa lanarekin jarraituko dugula jakinarazi nahi dugu, osasunerako eta atsedenerako dugun eskubidea ahalik eta lasterren gauzatu dadin, egoera penagarri honekin bukatuz. Bestalde, espero dugu ere enpresa honek bere jarduera egin dezan zarata, usain txar eta atmosferara egindako isuririk gabe, eguneroko bizitzan eragin handiegia baitute”.
