Lehen sektoreko bizilagunek bertakoen txartelak eska ditzakete
Trintxerpeko Azkuene 42 kaleko, Donibaneko Donibane kaleko eta San Pedroko Torreatze kaleko bizilagunei eragingo die lehen faseak. Eskaerak uztailaren 7ra arte aurkeztu ahal izango dira.
Aparkalekuaren Ordenantzaren lehen fasea martxan da jada, eta lehen sektoreko bizilagunek bertakoen txartelen eskaerak aurkez ditzakete. Lehen fase horrek Trintxerpeko Azkuene 42 kaleko (S-ST2), Donibaneko Donibane kaleko (alde zaharra, S-D2) eta San Pedroko Torreatze kaleko (S-SP2) bizilagunei eragingo die.
Bertakoen txartelak uztailaren 7ra arte eskatu ahal izango dituzte aipatutako eremuetan bizi diren pasaitarrek. Ordenantza, aldiz, uztailaren 8an sartuko da indarrean, eta, beraz, bertakoen txartela dutenek soilik aparkatu ahal izango dute B eta R batekin seinaleztatutako eremuetan. Donibane kalearen eta Torreatzeren kasuan, soilik gaueko ordutegian aparkatu ahal izango da.
Bertakoen txartelak Pasaiako Udaleko egoitza elektronikoaren bidez edo aurrez aurre eskatu daitezke, HAZ bulegoa erabilita. Horretarako, bizilagunek eskaera orria bete eta aurkeztu beharko dute, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:
- S-ST2, S-D2 edo S-SP2 eremuetakoren batean erroldatuta egotea ibilgailua eta eskatzailea (biak helbide berean).
- Gidabaimena, ibilgailuaren asegurua eta IAT egunean izatea.
- Eskaera egiten den egunean udal administrazioarekin zerga betebeharrak egunean izatea eta trafiko zehapenik ordaindu gabe ez izatea.
Eremu horietako merkatariek edota eremu horietan erroldatuta dagoen enpresa ibilgailu baten ohiko gidari direnek ere txartela eskatu ahal izango dute, ordenantzak xedatutakoaren arabera. Horrez gain, bertakoen baimena jasoko dute gidabaimenik ez duen pertsona baten ibilgailua erabiltzen duten bizilagunek, baldin eta jabearen etxe berean bizi edo haren zaintzailea edo tutorea badira.
Behin eskaerak aurkeztuta, udal organo eskudunak gehienez hiru hilabeteko epean ebatziko du eskaera. Ebazpen hori eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta aldekoa den kasuetan txartela jaso ahal izango du. Baimen hori jasotakoan, 37,10 euroko tasa ordaindu beharko du eskatzaileak, eta ordainketa hori ezingo da eskudirutan egin.
Hurrengo faseak
Udalaren helburua da bertakoen txartelak lortzeko prozesua “ahalik eta azkarrena” izatea. Lehen faseko eskaeren tramiteak uztailaren 7a baino lehen bukatzen badira, bigarren fasearen epea aurreratu ahal izango dela adierazi du udalak, bigarren sektoreko bizilagunen baimenak tramitatzen hasteko.
Bigarren fasean Antxo barrutia (S-SA1) sartuko da indarrean. Bertako bizilagunek, beranduenez, uztailaren 8tik aurrera ekin ahal izango diote bertakoen txartelak eskuratzeari, eta araudia abuztuaren 8an sartuko da indarrean.
Hirugarren eta azken fasean gainerako eremuak sartuko dira indarrean, hau da, San Pedro, Donibane eta Trintxerpe osoa. Eremu horietan bizi direnek, abuztuaren 9tik aurrera eskatu ahal izango dituzte txartelak. Ordenantza urriaren 10etik aurrera hasiko da aplikatzen.
