Pasaiako Euskaraldiaren azken txanpan, umore asko
Gaur Mintzapotea egingo dute San Pedron, bihar 'Bingoz bingo!' ikuskizuna, eta igandean Antxon Ana Goitiaren bakarrizketa.
Yogurinha Borovak eta Aurori Badiolak gidatuko dute San Pedroko 'Bingoz bingo!' ikuskizuna Azken orduetan da laugarren Euskaraldia. Ahobizi eta belarriprest roletan izan direnek euren zereginari eutsi dioten bitartean hainbat izan dira herrian antolatu diren jarduera eta ekitaldiak. Barrutietako Euskaraldiaren herri batzordeek prestatutako azken ekintzak gaur eta igande artean izango dira, etzi bertan bukatuko baita euskararen erabilera indartzeko ariketa kolektiboa. Umorez eta giro onez betetako ekitaldiak izango dira asteburukoak.
Gaur, San Pedroko Begihaundi tabernan, Mintzopotea egingo dute. Hau da, tragoska hartu bitartean euskaraz dakitenek mingaina askatzeko aukera izango dute, eta jakin ez baina hizkuntzari ‘bai’ esaten dioten horiek ere aukera izanen dute belarriak ondo goxatu, eta zergatik ez, hitz egiteko. 20:30ean ekingo diote Mintzopoteari.
Biharko ekitaldia ere San Pedron izango da, aterpean kasu honetan. 21:00etatik, Sanpedrotarra Arraun Elkartean, Aurori Badiolak eta Yogurinha Borovak Bingoz bingo! ikuskizun parte hartzailea gidatuko dute. Berez, afaria da arraun elkartean antolatu dena, eta afalostean egingo dute barrez lehertzeko moduko bingoa bi artistek. Helduen menuaren prezioa 20 eurokoa da, eta haurrena 6koa. Tokiaren erreserba posta elektroniko honetara idatzita egin behar da (egin klik helbidera iristeko).
Euskaraldiaren barruko ekitaldietatik azkena igandean (hilaren 25ean) jasoko du Antxoko Kultur Etxeak. Ana Goitiak Katana bakarrizketa taularatuko du 19:00etan. Umorez bukatuko da Euskaraldiaren Pasaiako aroa, baina gogoan izan: aurtengoa Euskaralditik harago joango den Euskaraldia da. Beraz, astelehenetik aurrera ere eutsi euskaraz hitz egiteko ohiturari, eta berretsi Euskaraldian zehar hizkuntzaren erabileraren alde egin diren ohitura aldaketak.
