Escalerillaseko familiak epaitegietara doazela jakinarazi du Etxebizitza sindikatuak
Pasaiako portuak Escalerillaseko blokean bizi diren bederatzi familiak etxegabetzeko prozedura judizialak martxan jarri dituela baietsi du sindikatuak. Bostek ekainaren 30ean dute epaiketa.
Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi du Pasaiako portuak Escalerillaseko blokean bizi diren bederatzi familiak etxegabetzeko prozedura judizialak martxan jarri dituela. Bost familiei epaiketa eguna jarri zaiela adierazi du sindikatuak: ekainaren 30ean izango da, Donostian, 09:30ean. Etxebizitza sindikatuak epaiketa hori bertan behera uztea eta portuarekin negoziazio mahai bat irekitzea eskatu du. Horrez gain, etxegabetzeei aurre egingo dietela nabarmendu dute.
Sindikatuak gogorarazi du familia horiek bost hamarkada baino gehiago daramatzatela Escalerillasen bizitzen. Etxebizitza horiek portuaren jabetzakoak dira. Blokea arriskuan dagoela baietsi du sindikatuak, portura sartzeko trenbide berri bat eraikitzeko blokea eraitsiko dela iragarri baita. Etxegabetzeen aurrean, kaltetutako bizilagun gehienek bizitoki alternatiba “egokirik” jaso ez dutela esan du sindikatuak.
Trenbide berria Eusko Jaurlaritzaren funts publikoekin finantzatuko dela nabarmendu du Etxebizitza sindikatuak. Azpiegitura horrek “logika erabat pribatu bati” erantzuten diola adierazi du sindikatuak: “Algeposa enpresaren kostu logistikoak murriztea”. “Hitz gutxitan esanda, diru publikoa erabiltzen da enpresa interesen alde egiteko, portuaren jarduerari urteetan eutsi diotenen etxebizitza eskubidea arriskuan jartzearen kontra”, esan dute.
Familia gehienei Pasaiako portuak etxebizitza alternatibarik edo konpentsazio ekonomikorik eskaini ez diela jakinarazi du sindikatuak, “etxegabetze mehatxuak soilik”. Hiru familiari “kalte ordain barregarriak” eskaini zaizkiela adierazi du sindikatuak, edo gaur egun beste pertsona batzuk bizi diren etxebizitza batzuetara aldatzea proposatu dietela gaineratu dute. “Hau da, portuak proposatutako alternatiba familia gehiago etxetik botatzea da”, esan dute.
Sortu den egoeraren atzean “erantzukizun instituzional ezberdinak” daudela nabarmendu du sindikatuak. Lehenik eta behin, portuan jarri dute arreta, “etxebizitzak eraitsi nahi dituelako eta etxegabetzeen erantzule zuzena delako”. Horrez gain, Euskal Trenbide Sarea ere erantzule dela esan dute, “Escalerillaseko lursailean trenbidea eraikitzeko arduraduna” baita. “Garrantzitsua da azpimarratzea utzarazpen horien helburua enpresa pribatu bati eta haren interes ekonomikoei mesede egitea dela, eta diru publikoarekin finantzatzea, bederatzi familia beren etxebizitzetatik kanporatzearen kontura”, zehaztu dute.
Kronologia
Etxebizitza sindikatuak jakinarazi du 2023ko urte bukaeran jaso zutela kaltetutako familiek haien blokea eraisteko berria. Ordu hartan, portuko zuzendaritzak familiei etxebizitzak “modu ordenatuan uztera animatu” ziela baietsi du sindikatuak. Egoera horren aurrean, bizilagunek Etxebizitza sindikatura jo zutela kontatu dute, eta elkarrekin urte eta erdi baino gehiago daramate “etxegabetze mehatxuen eta alternatiba faltsuen kontra borrokan”. Asanbladen, elkartasun jardunaldien, elkarretaratzeen edota beste egitasmo askoren artean, honakoak nabarmendu ditu sindikatuak.
- 2024ko ekainean, 1.000 pertsona baino gehiagok manifestazioa egin zuten Pasaian, Escalerillaseko borrokari emandako babesa erakutsi eta bizilagunentzako bizitoki alternatiba aldarrikatzeko.
- 2.000 pertsona baino gehiagok gutun bat sinatu zuten Pasaiako portuari konponbide bat eskatzeko, baina portuak ez du erantzun.
- Auzokideek mozio bat aurkeztu zuten Pasaiako Udalean, etxegabetze prozeduren aurrean bere babesa eskatuz. Mozio hori ukatu egin zuen udalak.
- EKIDA arte egitasmoak errebindikazio mural bat margotu zuen etxebizitza blokearen fatxadan.
- Gedar Langile Kazeta hedabideak erreportaje bat argitaratu zuen bizilagunen testigantzak bilduz.
Bizilagunek eta Etxebizitza sindikatuak etxegabetze prozedurak gelditzea eta Pasaiako portuarekin negoziazio mahai bat “berehala” irekitzea berretsi dute. “Escalerillaseko familiek merezi dituzten bizitoki alternatibak eskatzen dituzte. Adierazi dutenez, enpresa pribatu baten onurarako azpiegitura baterako milioika euro badaude, gaur egun etxerik gabe geratzeko arriskuan daudenean etorkizuna bermatzeko baliabideak ere egon behar dira”, bukatu du sindikatuak.
