Tokiko ehun sozio-ekonomikoa ezagutzeko iniziatibaren barruan bisita jaso du Izadi enpresak
Izadi enpresa bisitatu dute udal ordezkari, Oarsoaldea garapen agentzia, Don Bosco, TEKS eta Ekiherri komunitateko hainbat ordezkarik
Herriko ehun sozio-ekonomikoa ezagutzeko eta saretzeko iniziatiben esparruan, Udaleko, Oarsoaldea Garapen Agentziako eta herriko beste eragile sozioekonomiko ezberdinetako ordezkariek, hala nola, Don Boscoko, Ekiherri energia komunitateko eta TEKS sareko kideek, Izadi enpresa bisitatu dute.
Enpresa, bere negozio eredua eta lantzen ari diren ikerketa zein garapen lerro berriak ezagutzeko aukera izan zuten bisitariek Beltran Ybarra enpresaren zuzendari orokorraren eskutik: “Enpresak azken urteetan egindako bilakaera eta puntako teknologien alde eginiko apustua argi geratu zen. Berrikuntzaren bidez merkatu berrietan lidergoa eskuratzen ari delarik enpresa”, azaldu dute udaletik.
Egiburuberri industria gunean dago kokatuta enpresa, eta azken urteetan hazkunde garrantzitsua izan du. Hiru hamarkadako ibilbidean, 70 langiletik gora ditu egun Izadik. Mekanizazioa du ardatz lantegiak, eta berrikuntzaren arloan egiten ari den apustua jarri dute nabarmen udaletik, “horri esker, lidergoa ari da eskuratzen merkatu garrantzitsuetan”.
