Ategorrietako sarraskian hildakoen omenezko plaka bat inauguratu dute Trintxerpen
Gaur 94 urte bete dira Guardia Zibilak Ategorrietan Pasaiako portuko zazpi langile manifestazio batean hil zituenetik. Haien omenezko plaka oroigarri bat jarri dute alkateordetzaren fatxadan.
Gaur 94 urte bete dira Ategorrietako sarraskitik. 1931ko maiatzaren 27a zen, eta Pasaiako portuko hainbat arrantzale Trintxerpetik Donostiara abiatu ziren manifestazio batean, haien seme-alabentzako ogia eta lankideentzako askatasuna aldarrikatzeko. Donostiako Ategorrietako erlojuaren parean, baina, Guardia Zibilarekin topo egin zuten manifestariek, eta haien aurka tiro egin zuten zaldi gainean zihoazen poliziek. Zazpi langile hil egin ziren, eta hainbat zauritu zituzten.
Pasaiako Udalak, iaz hartutako konpromisoa betez, oroimen ekitaldi bat egin du gaur goizean, sarraskiaren 94. urteurrenean. Ekitaldia Trintxerpeko Alkateordetzan izan da, eta bertako fatxadan plaka oroigarri bat jarri dute. Plaka Joritz Lizarbe eta Julen Lazkano antxotarrek sortu dute, eta bertan gertakarien kontakizuna dago jasota, euskaraz, gaztelaniaz eta galegoz.
Ekitaldia Teo Alberro Pasaiako alkateak hasi du, duela 94 urte jazotako gertaeraren testuingurua kokatuz. Alberrok, gainera, “Euskal Herriko langileen aurka izandako gertakari larrienetako baten oroimenaren eta gaitzespenaren garrantzia” nabarmendu ditu. Urteurrenaren harira, Pasaiako udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztietako ordezkariek adostutako adierazpen instituzionalaren pasarte bat irakurri dute alkateordetzan bildu direnek (EH Bildu, Podemos, EAJ eta PSE-EE dira udalbatza osatzen duten alderdiak).
Oroimen ekitaldia ixteko, udal ordezkariek, Fato Cultural Galego Daniel Castelao elkarteko kideek eta bertaratutako herritarrek lore eskaintza egin dute oroigarriaren aurrean. Honakoa esan du Alberrok: “1931ko maiatzaren 27an Pasaiako portuko arrantzale eta langileek Donostiarako bidea hartu zuten protesta baketsu batean. Gertakarien abiapuntuan kokatutako plaka honen bidez, Pasaiako Udaletik hildakoei, zaurituei nahiz horien gertuko eta senideei aitortza egin nahi diegu”.
Hauxe da udalbatza osatzen duten alderdiek publikatutako adierazpen instituzionala.


