Eskubaloian trebatzeko aukera izango dute pasaitar gazteek
Ekainaren 6tik 8ra, Espainiako Kopa jokatuko da Irunen, eta horren harira, eskubaloia haurrei gerturatuko diete ekainaren 1ean, Pasaiako hiru gunetan.
Ekainaren 6tik 8ra bitartean, eskubaloiko Espainiako Kopa jokatuko da Irunen, eta txapelketa horren harira, kirol hori haurrei gerturatzeko egitasmoak antolatuko dira Gipuzkoako hainbat herritan. Eskubaloia plazaratu izeneko iniziatiba Pasaiara iritsiko da ekainaren 1ean (igandea), 11:00etan. Eskubaloiaren bueltako jarduerak Trintxerpeko Araneder kirol gunean, Antxoko Biteri plazan eta Donibaneko Lizarazu frontoian egingo dituzte, eta 2013 eta 2016 urteen artean jaiotako gazteei begirakoak izango dira ondutako jarduerak.
Eskubaloi topaketa Donibane Eskubaloiaren ekimenez iritsiko da Pasaiara, udalarekin elkarlanean. Jarduera doakoa izango da, eta sariak eta sorpresak izango direla aurreratu dute antolatzaileek. Eskubaloi klubak izena emateko galdetegi bat sortu du. Hala ere, egunean bertan ere gazteek hiru guneetara bertaratzeko aukera izango dutela adierazi dute sustatzaileek.
