Herri batzarra, Escalerillaseko aferaren gainean informatzeko
Escalerillaseko auziaren inguruko informazioa helarazteko, Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuak herri batzar informatibo bat egingo du hilaren 29an, Trintxerpeko Alkateordetzan, 19:30ean.
Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi du Pasaiako portuak Escalerillaseko blokean bizi diren bederatzi familiak etxegabetzeko prozedura judizialak martxan jarri dituela. Bost familiei epaiketa eguna jarri zaiela adierazi du sindikatuak: ekainaren 30ean izango da, Donostian, 09:30ean. Etxebizitza sindikatuak epaiketa hori bertan behera uztea eta portuarekin negoziazio mahai bat irekitzea eskatu du. Horrez gain, etxegabetzeei aurre egingo dietela nabarmendu dute, bizilagunentzako “kalitatezko” bizitoki bat aldarrikatuz.
Etxebizitza sindikatuak adierazi du Algeposa eta beste hainbat enpresaren mesedetan trenbide berri bat Escalerillaseko eremutik pasarazi nahi dutelako bizilagun horien etxeak eraitsiko dituztela, “alternatiba errealik izan gabe”. “Portuarentzat urte luzez lan egin eta hilabetez hilabete bertan bizitzeagatik errenta bat ordaindu ondoren, beraien etxebizitzak eraitsi nahi dituzte diru publikoz, etekin pribaturako”, esan du sindikatuak.
Bizilagun gehienei ez zaiela ezer eskaini gogorarazi du sindikatuak, soilik “etxegabetze aginduak eta kalera”. Gutxi batzuei, aldiz, “ezertarako ere balio ez duten indemnizazioak” eskaini dizkietela edo “gaur gaurkoz jendea bizi den etxebizitzetara lekualdatzea” proposatu dietela baietsi du sindikatuak, “honek etxegabetze gehiago ekarriko lituzkeelarik”.
Aurrera eramandako borrokaren hainbat adibide zenbatu ditu sindikatuak: 2024ko apirileko elkartasun eguna; ekainean 1.000 lagun baino gehiago bildu zituen manifestazioa; portuari aterabide bat eskatzen zion eskutitzarekin jasotako 2.000tik gora sinadurak, erantzunik izan ez duena; edota Pasaiako Udalak onartu ez zuen mozioaren aurkezpena.
Aferaren gaineko informazio gehiago emateko helburuarekin, Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuko kideek herri batzar informatibo bat egingo dute ostegunean (hilak 29) Trintxerpeko Alkateordetzan, 19:30ean.
