Martech nazioarteko kongresua, gaur eta bihar Donibanen
Kongresuaren 12. edizioa egingo da udalerrian, eta itsas teknologien arloan nazioarteko erreferentea da topaketa.
AZTI zentro teknologikoak eta la Universitat Politecnica de Catalunya–BarcelonaTech (UPC) unibertsitateko SARTI (Sistema Urruneko Akatsik Gabeko Informazioaren Tratatze Zentroa) ikerketa-taldeak antolatutako Martech 20205 kongresua gaur (hilak 28, asteazkena) eta bihar artean egingo dute Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. Itsas berrikuntzaren ekosistemako hainbat eragileren laguntzaz, 100 aditu eta profesional baino gehiago bilduko ditu, ikerketa-zentro, enpresa teknologiko eta erakunde ezberdinetatik etorriak. Helburua, AZTIk esan duenez, XXI. mendeko ozeanoen erronkei aurre egiteko zientziaren eta teknologiaren betebeharra aldarrikatzea izango da, “ekonomia urdin iraunkorra abian jartzeko beharra” nabarmenduz.
Bi egunetan kongresuak itsas robotikan, sentsorika aurreratuan, komunikazio-sistemetan eta datuen arteko elkarreragingarritasunean egindako azken berrikuntzak aurkeztuko dituzte, baita adimen artifizialaren eta itsas gune konplexuak simulatzeko erabilitako biki digitalen aplikazioak ere. Horrez gain, aplikazio praktikoak aztertuko dira arrantza iraunkorrean, ingurumenaren zaintzan eta kostaldearen monitorizazioan, klima-aldaketari aurre egiteko, satelite bidezko teledetekzioa eta hondartzetako bidemetria barne.
Halaber, itsas behaketa-sareko nazioarteko ekimenak aurkeztuko dira, eta tokian bertan garatzen ari diren kostaldeko laborategien esperientzia praktikoak partekatuko dira, besteak beste, Pasaiako badian martxan dagoen Oarsoaldea Urdina ekimenaren barruan. Azken honek teknologiak benetako baldintzetan frogatzeko aukera eskainiko du.
Kongresuak Eusko Jaurlaritzaren, Pasaiako Portu Agintaritzaren eta Oarsoaldeko Garapen Agentziaren babesa du, bai eta nazioarteko hainbat erakunde erakunderena ere.
Ekonomia urdina, Oarsoaldean
“Kongresuaren helburu nagusietako bat izango da tokiko eragileekin sinergiak sendotzea eta Oarsoaldeko eskualdea ekonomia urdin iraunkorrean erreferente bihurtzeko prozesuan laguntzea”, esan dute antrolatzaileek. Testuinguru horretan, Oarsoaldea Urdina izeneko eegitesmoa nabarmendu nahi dute, AZTIren, Oarsoaldeko Garapen Agentziaren eta Pasaiako Portu Agintaritzaren lankidetzarekin sustatua, Eusko Jaurlaritzaren Berpiztu programaren eta Lehentasunezko Jarduketa Eremuen (ZAP) estrategiaren babesean.
Lankidetza gune estrategiko hori itsas arloko irtenbide berritzaileak garatzeko polo nagusietako bat bihurtzen ari da, AZTIren arabera. “Martech kongresuak Pasaiako badia itsas teknologiaren eta ekonomia urdinaren arloko hub estrategiko gisa kokatzeko aukera paregabea eskaintzen du”.
