PDFren zazpigarrena, ekainaren 5etik 8ra
Dantzak Antxoko kale eta txokoak hartuko ditu datorren astean, Pasaiako Dantza Festibala egingo baita, zazpigarrenez. Aurtengoak hamazazpi ekitaldi izango ditu.
2025eko Pasaiako Dantza Festibala (PDF) gainean da. Ekainaren 5etik 8ra bitartean egingo da dantza ardatz duen jaialdiaren zazpigarren ekitaldia. Aurtengoak hamazazpi ekitaldi izango ditu, eta den-denak Antxon izango dira. Emanaldiak barrutiko bost puntutan izango dira: Luzuriaga parkean, skate parkeko harmailetan, skate parkean, Ibaiondon eta Gure Zumardian. Antxon hamar konpainia profesional eta beste horrenbeste dantza eskola eta eragile elkartuko dira beren emanaldiak publikoari aurkezteko. Jarduera guzti-guztiak kalean eta doan izango dira, dantza eta gorputz espresioa herritar guztiei gerturatzeko. Beheko koadroan dago egitarau oso-osoa.
Jarduerak ekainaren 5ean hasiko dira. Compañia X taldeak Iocari izeneko ikuskizuna antzeztuko du Gure Zumardian, 18:30ean. Hortik aurrera, dantza protagonista izango da Antxon lau egunez, eta gaur aurkeztu dituzte jarduera guztiak Ibaiondon egin den prentsaurrekoan. Bertan izan dira Iurre Aranburu eta Aiert Beobide Haatik konpainiakoak eta festibalaren arduradunak, Teo Alberro Pasaiako alkatea, Aitor Brion Pasaiako Udaleko Kultura eta Ondare zinegotzia, Ana Lopez Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Sormen Industrien zuzendaria, Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria sailaren zuzendaria, Studio 24ko Iker Murillo, Herri ekimeneko Noe Viana eta Ibon Muñoz, eta Beñat Ralla Errenteriako Herri Arte Eskolako koordinatzaile pedagogikoa.
Jaialdiaren programazioaren xehetasunak azaldu aurretik, Altraste konpainiako Zuriñe Benaventek El Bolero emanaldiaren aurkezpena egin eta ekainaren 7an egingo duen dantzaren aurrerapen bat egin du Ibaiondon.
Alberrok adierazi du “pozgarria” dela PDFren zazpigarren ekitaldia aurkeztea eta Antxon Ibaiondokoa bezalako espazioak berreskuratzea, jaialdiarentzat onuragarria izango baita. Alkateak herritarrak animatu ditu aurten ere barrutiko kaleak hartzea.
Antolatu dituzten jarduera guztiez gain, Aiert Beobidek nabarmendu du ikasleekin lan egiten dutela, dantzak ikastetxeetan presentzia izan dezan. Horren harira, DBHko 150 ikasle izan dira dantzak dituen aukerak deskubritzen.
Jarraian, Izaro Perez Loperenak ateratako argazkiei esker, aurkezpenaren hainbat pasarte.
Pasaiako Dantza Festibala
Ekainak 5, osteguna
- 18:30: Compañia X taldearen Iocari. Gure Zumardian.
- 19:15: Clarissa Costagliolaren Un solo dia. Gure Zumardian.
- 20:00: Ertza konpainiaren Otempodiz. Gure Zumardian.
Ekainak 6, ostirala
- 18:30: Unity Project taldearen Freestyle txapelketa. Skate parkean.
- 20:00: Maitane Sarralderen Desªnuda. Ibaiondon.
- 21:00: Cia Analogica konpainiaren Lo que pasa mientras. Luzuriaga parkean.
- 21:30: Qabalum konpainiaren Todo este ruido. Luzuriaga parkean.
Ekainak 7, larunbata
- 11:30: Eskolen erakustaldia. Luzuriaga parkean.
- 13:00: Lindy Hop Donostia taldea. Gure Zumardian.
- 19:00: Erain konpainiaren Sin fichero adjunto. Skate parkean.
- 19:30: Proyecto Larruaren Sangre y klorofila. Skate parkean.
- 20:00: Altraste konpainiaren El Bolero. Skate parkeko harmailetan.
- 22:00: Berritza eta Txingili konpainiaren Maxkaroa. Luzuriaga parkean.
Ekainak 8, igandea
- 12:00: Iker Murillo Studio 24ren Barra klasikoko emanaldia. Ibaiondon.
- 13:00: Anakrusa konpainiaren Herri ekimeneko Kalma emanaldia. Gure Zumardian.
