PSE-EEk eskatu dio ETSri topoko garajeetako lur eremua Etxebizitza sailari lagatzeko
Eremu horretan babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzea nahi du alderdi sozialistak.
Palencia eta De la Torre Gaztañon, trenbide parean topoko garajea atzean dutela.PSE-EE Erabiltzen ez diren Eukotreneko Errenteria-Oreretako garajeetako lur eremua Etxebizitza sailari lagatzeko eskatu dio alderdi sozialistak ETS Euskal Trenbide Sarea. Helburua, eremu hori babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko bideratzea, “premiazkoa da hazten ari den etxebizitza eskaerari erantzuteko”.
Mugikortasun Jasangarria zein Etxebizitza sailean jarrera “ezin hobea” aurkitu dutela azaldu dute sozialistek proiektuari bidea zabaltzeko, “oinarrizkoa da babes ofizialeko etxebizitza eskaintza areagotzea Errenterian etxebizitzaren prezio altuei aurre egiteko”.
Gamongoari erreferentzia egin dio halaber, PSE-EEk helarazitako prentsa oharrean, eta hilabeteak daramala irtenbide bat eskatzen eremu horretarako EH Bilduri esan du, “sozialisten proiekturik garrantzitsuenetakoa izan zen Gamongoa. 2007an onartua, 700 etxebizitza eraikitzea aurreikusten zuen, horietako %75 babes ofizialekoa. Proiektuak baina urteak daramatza blokeatuta”.
Proiektua berehala jartzea indarrean galdegin dute sozialistek, “udalerriko familia askoren egoera arintzeko ezinbestekoa delako. Hori horrela, eskura dituen baliabide legal guztiak erabil ditzala eskatzen diogu gobernu taldeari proiektua martxan jartzeko”.
HAPO Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren idazketaren atzerapenarekin berriz, kezkatuta azaldu da PSE-EE, “babestutako etxebizitzen promozio berriak abiatzea moteltzen ari da hori dela-eta”.
