Agintaldiaren lehen biurtekoaren balorazioa egin du PSE-EEk
Azken irakurketen ildotik egin dute sozialistek gaurko agerraldia, "anbizio eta konpromiso" falta egotzita EH Bilduk eta Elkarrekin errenteriak osatutako gobernu taldeari.
Palencia eta De la Torre sozialistak gaurko agerraldian.PSE-EE EH Bilduk eta Elkarrekin errenteriak osatutako gobernu taldearen agintaldiko lehenengo bi urteen balantzea egin du gaur alderdi sozialistak. Azken agerraldietan hartutako ildo beretik egin dute gaur ere Isaac Palencia eledun sozialistak, eta Almudena De la Torre zinegotziak: Atsekabea azaldu dute biek haien esanetan anbizio falta duelako gobernu taldeak eta udalerriaren garapenerako ezinbestekoak direlako proiektuekin konpromisoa ez duelako bete.
Errenteria-Oreretak dituen erronka nagusiei erantzuteko “exkaxa” iruditzen zaio Palenciari 2023-2027 agintaldi Plana, ez omen da nahikoa etxebizitza larrialdiari, mugikortasunari, aparkalekuari edota garapen ekonomikoari erantzuteko, “zehaztapen falta aipatu genuen duela urte eta erdi, eta agintaldia hasi eta bi urtera, bete gabe jarraitzen dute konpromisoek. Horren adibide argiak dira inbertsio falta etxebizitza politiketan edota proiektu asko ez bete izana”.
Bereziki etxebizitza larrialdia jarri dute erdian sozialistek gaurko agerraldian, “familia asko muturreko egoerara eraman ditu etxebizitza eskaintza faltak, bereziki gazteak, aukera egokien faltan kanpora joan behar dutelarik”. Horren aurrean, “gako” diren proiektuak “berraktibatzea” beharrezko jo du sozialistak, “Gamongoa proiektua bezalakoak, baita babestutako etxebizitza eraikitzeko proiektu berriak abiatzea ere, guk geuk topoko garajeetan egitea proposatu dugunaren antzekoa”.
Topoa ere azaldu da gaurko agerraldian balorazioa egiteko garaian. Arlo horretan Eusko Jaurlaritzari garraiobide hori Errenteria-Oreretan integratzeko egin duen “esfortzua” aitortu dio, “udal gobernuak erabat baztertuta duen proiektua izanik. Orpoz orpo aritu gara Eusko Jaurlaritzarekin gure proposamenak zein bizilagunek egindakoak helarazteko Errenteriarentzat hain garrantzitsua den proiektuan aurrera urratsak egiteko”.
Hiri mantenuarekin berriz, kezka azaldu du De la Torrek, ez baititu bere hitzetan modu integralean erantzuten dauden arazoak, “konponketa puntualak egitera mugatzen da. Beharrezkoa da mantenuarekin eta espazio publikoen segurtasunarekin konpromisoa hartzen duen gobernua beharrezkoa da, bizilagunak entzuten dituena. Udal gobernua ez da gainera goiko auzoetara gerturatzen”.
