Antigenoak ekoiztu eta purifikatzeko teknika aurreratuetan trebatu dira Don Boscoko ikasleak
Don Bosco Lanbide Heziketa institutua, Gironako (Katalunia) Montilivi Institutuarekin eta Hipra enpresa farmazeutikoarekin batera aritu da proiektuan.
Don Boscoko aurkezpena gaur goizean. Dualiza proiektua aurkeztu dute gaur goizean Don Bosco Lanbide Heziketa Institutuan. Kimikako ikasleak aritu dira proiektu horretan, Girona (Katalunia) Montilivi Institutuarekin eta Hipra enpresa farmazeutikoarekin lankidetzan. Antigenoen ekoizpen bioteknologikorako kultibo zelularren eta downstrean prozesuen optimizazioa proiektua Caixabank Dualizak finantzatu du, eta proiektuaren helburu nagusia, Lanbide heziketako ikasleak antigenoak ekoizteko eta purifikatzeko teknika aurreratuetan trebatzea izan da, “funtsezkoak baitira txertoak eta bestelako produktu bioteknologikoak garatzeko”.
Proiektu berritzaileak, industria farmazeutikoan espezializatutako profesionalen gero eta eskari handiagoari erantzutea ere badu helburu Don Boscotik zehaztu dutenez, “eta ikasleei esperientzia praktiko bat eskaintzea ingurune erreal batean”.
Proiektua gaur aurkeztu dute Don Boscon eta lanbide heziketako bi zentroetako ikasleak izan dira protagonistak haiek azaldu baitute institutu bakoitzean egindako bidea proiektuaren xedea lortzeko. Hala, azaldu dute, bakterio hazkundearen bidez antigenoak ekoizten eta bi purifikazio teknika ezberdin alderatzen aritu direla. Horietako bakoitzak emandako emaitzak ere alderatu dituzte. Proiektua garatu bitartean produkzio bioteknologikoko eta kalitate kontroleko tekniketan sakontzeko aukera izan dute, farmazia industrian aurkituko dituzten benetako erronkei aurre eginda.
Jon Elitxegerra Erentxun irakasleak eta proiektuaren Don Boscoko arduradunak azaldu du euren zentroa gonbidatua izan dela Dualiza proiektuan: “Aurretik elkarlanean ari gara Montilivi institutuarekin bioerreaktore baten erabileran errealitate birtualaren simulazio proiektu berritzaile batean, eta Dualiza proiektu bat aurkezteko asmoa zutela jakinarazi ziguten, ea guk asmorik ba ote genuen. Kontatu zidan egin nahi zutena, proiektu egingarria iruditu zitzaidan, zikloko lankideekin partekatu eta aurrera egitea erabaki genuen”.
Proiektuaren garrantzitsuena enpresa batek andui bat utzi izana dela esan du Elitxegerrak, “enpresan erabiltzen duten anduia eta bertan egiten duten prozesua partekatu du Hipra enpresak gurekin eta hori ez da ohikoa, zaila da informazio hori partekatzea. Harrigarria izan zen eta aldi berean pozgarria enpresaren jarrera, eta eskertzekoa”.
Pilar Bandres Agueda Kimika departamenduaren arduradunak hartu du hitza ondoren Gironako institutuarekin lankidetzan aritzea oso garrantzitsua izan dela Don Boscorentzat azaltzeko, “zuek izan zineten lehenak Farmazia zikloa eskaintzen zuen Lanbide Heziketa institutuan. hemendik aurrera bidea urratzen jarraituko dugu elkarrekin”. Ikasleentzat ere aberasgarria dela azaldu du: “Ez da beharrezkoa kanpora joatea estatuan bertan mugitu eta beste ikastegiak ezagutzeko eta elkarlanean aritzeko aukera izatea oso aberasgarria da”.
ETHAZI ereduari egin dio erreferentzia Kimika arloko arduradunak. Eredu horretan oinarrituta ari dira Don Boscon, “erronketan oinarrituta ikaskuntza kolaboratiboaren inguruan antolatzen da, hori da elementu nagusia, talentua sustatzeko. Planteatzen diren erronka horiek egoera errealak dituzte oinarrian gainera. Horretarako beharrezkoa da irakasle taldea oso konpaktua izatea. Hori guztia beirategi handia duten espazio irekitan”. Aipamena ere, Bandresek, Don Boscok bikaintasun izendapena duela Kimika arloan, “arraroa da, finean automozioan erreferentea zelako Don Bosco institutua. Miramonen polo bioteknologiko oso garrantzitsua ezarri zen, eta lan handia egin genuen”.
Proiektuaren aurkezpena bukatuta, Don Bosco eta Montilivi institutuetako ikasle eta irakasleak bisitarekin jarraitu dute, izan ere, Bandresek berak zehaztu duenez, “kimika arloari esker, Don Bosco ez da jada zentroa, campusa baizik”, eta Beraungo instalazioak, zein Txirrita Maleo industria gunean joan den astean inauguratutako pabiloia ezagutzeko.
