Lezoarren bultzada behar du Allerruk
Gizonen Gorengo Mailako taldeak maila ez galtzeko partida erabakiorra jokatuko du larunbat arratsaldean Plazetan.
Nahi baino petralago ibili da Gizonen Gipuzkoako Gorengo Mailan lehian Allerru. Sailkapen nagusian, hamasei taldetik, hamalaugarren gelditu dira. Ez dira mailaz jaitsi, baina datorren sasoian kategoria horretan jarraitzeko eskubidea izateko kanporaketa betean dira lezoarrak, hil ala bizikoa betiere kirol terminoetan. Mailari eusteko Playout kanporaketa jokatzen ari dira, Segura Aizkorriren kontra (maila horretako beste multzoan 14. izan ziren). Goierri aldean jokatu zen joaneko partida joan den asteburuan, baleko emaitzarekin bukatu zen partida hura: 0-0. Asteburu honetan bueltakoa etxean jokatuko dute lezoarrek.
Partida hori larunbat arratsaldean (hilaren 31n) izango da, 17:30ean hasita Plazetan. Herriko estadioan zaleak nahi dituzte bidelagun klubeko kideek. Soropil artifizialean dena emateko prest dira jokalariak, baina alboan lezoarrak badituzte, are errazago izan daiteke kategorian jarraitzea: Allerruk irabazten badu (arauzko denboran, luzapenean edo penaltietan) mailari eusteko helburua beteko dute; galduz gero, akabo. Horregatik, Allerruk dei berezia egin die lezoar zaleei Plazetara hurbil daitezen, animatzera.
