'Herri libre bat' aldarrikatzeko, herri argazkia eta manifestaziora autobusa
Ekainaren 7an Lezoko herri argazkia ateratzeko deialdia egin du Gure Eskuk; arratsaldean, nazio manifestazioa Bilbon.
Gure Eskuk, Herri libre bat, Euskal Herriak erabaki lelopean, nazio manifestazioa (17:30ean, La Casillatik) eta egun osorako ekitaldiak antolatu ditu ekainaren 7rako (larunbata) Bilbon. Horri begira tokian tokiko lantaldeak antolaketa betean dabiltza. Hala izaten ari da Lezon. Beraz, ekainaren 7rako bi hitzordu proposatu dituzte.
Lehena, lezoarren herri argazkia ateratzea izango da. Egun horretako 12:45erako deitu dituzte lezoarrak talde argazki erraldoia ateratzera.
Bigarrena, Bilboko mobilizaziora begirakoa da. Hara joateko autobuserako zerrenda Tiñelun dago jarrita, bertan eman daiteke izena (prezioa: 13 euro). Hasiera batez, izena emana dutenek Errenteria-Oreretara joan beharko lukete autobusa hartzera (15:00etan), baina izena eman dutenen zerrenda handia balitz Lezora etorriko litzateke autobusa.
