Sagardoak batu ditu
Oiartzungo XXXIV. Sagardo Eguneko arratsaldean sagardotegi handi bihurtu da Done Eztebe plaza. Gazteek eurena egin dute txotxa.
Giro ederra gaur Oiartzunen. Sagardo Egunaren XXXIV. ekitaldiarekin dozenaka eta dozenaka herritarrek egin dute bat, oiartzuarrak eta kanpokoak. Goizeko beroketa ariketen ondoren, gazteek hartu dute arratsaldean gehienbat Done Eztebe plaza. Horietatik dezente azterketa garaian izango ziren, baina elkar egoteko, tragoska eta pintxoa hartzeko tartetxoa egin dute. Topagune izan da udalerriaren erdiguneko zabalgunea, sagardoari esker. Zeru grisaren azpian, irribarre asko plazan, Sagardo Egunari esker.
Arratsaldeko txotx handia hasi aurretik, ordea, izan da aitortzarako unerik. Antolatzaileen ekimenez, Agustin Makazaga Makatza-k eta Iñaki Garmendiak omenaldia jaso dute postuetako kaxetan pilaturik zeuden botilak zabaldu aurretik. Urtero-urtero egiten diete omenaldi xumea egunean era batera edo bestera laguntzen izaten direnei, eta aurtengoan ikusten ez den lan horren bi arduradun horiei egin diete gorazarre publikoa, Giriziako sukaldean Sagardo Egunean edaten den horri laguntzeko jakiak prestatzen nekaezin izaten direlako Makazaga eta Garmendia. Ez hitza euren hiztegietan ezabaturik dutenetako bi dira haiek. Beti laguntzeko prest, fidel eta kontent. Herriaren alde, herrigintzan.
Bertsolariek haiei propio eskainitakoak kantatu dituzte, Olarriko dantzariek Agurra egin diete, oroigarria ere jaso dute… Eta nola ez, hasirako txotxa, euren esku gelditu da. Harro eta hunkituta haiek eta oholtzan behera zeuden senide, hurbileko eta lagunak. Une ederra. Ondoko bideoan omenaldiaren pasarte batzuk ikus daitezke.
18:00ak pasatxo hasi dira dastaketa handiarekin. Hasieran kuadrillak era konpaktuan izan dira; tragoskak edan ahala hausten eta elkar nahasten joan dira lagun taldeak, atomoak molekula bihurtzen hasi dira, eta hasieran txintxo-txintxo sagardo bakoitza dastatzen hasi direnak, gerora mikaztasunak, sagar usainak eta likido horixkaren txinpartak sortzeko ahalmena ahazten joan, eta giroak irentsi ditu kuadrillak. Sagardoak batu ditu.
Sagardoa bukatu denean askok plazan jarraitu dute. Euskal musikadun txosnak erakarri baititu. Festak jarraitu du. Noiz arte? Batek daki…
Jarraian, arratsaldearen laburpen grafikoa irudi sorta bidez.
