"Helburuak ederki beteta bukatu ditugu ligak"
Euskotren eta KAE2 ligak bukatuta, denboraldiaren balorazioa egin du Hibaika Arraun Elkarteak. Lortutakoarekin pozik azaldu da arraun elkartea. Emakumeek seigarren eginda Euskotren Ligan jarraituko dute; gizonek KAE1 Ligara igotzeko play offa jokatuko dute asteburuan.
Hibaika Arraun Elkarteak arraunlariak zoriondu ditu.Aitor arrizabalaga / Dani Novas Euskotren eta KAE Ligak bukatu berritan, bi eskifaien lanaren balorazioa egin du Hibaika Arraun Elkarteak. Bi traineruek helburuak “ederki” bete dituztela esan du elkarteak eta bi eskifaiak zoriondu ditu, “izan ere, denboraldia hasi aurretik genituen erronkak lortu dituzte”.
Hibaikako emakumeen traineruak seigarren postuan sailkatuta bukatu du denboraldia, “gero eta lehiakorragoa den Euskotren Ligan; aurten gora egin du kalitateak berriro emakumeen arraunketaren gorenekoan, eta gure arraunlariek bosgarren postua egin duen Astillerotik puntu bakarrera bukatu dute”.
Uztaila “oso erregularra” egin zuela Iñaki Mendizabalek gidatzen duen eskifaia jarri du nabarmen Ondartxoko elkarteak, “ohorezko txandan sartu eta Zumaiarekin borrokan aritu ostean, abuztua ez dugu hain aldekoa izan, sailkapenean sufritu ez dugun arren, emaitzak ez dira hain onak izan”. Taldeak egin duen lanarekin “oso pozik” azaldu da elkartea eta Kontxara begira jarri da, “2013tik hona hutsik egin gabe Kontxan aritu ostean, aurten ere bertan aritzeko borrokatuko dugu datorren asteazkenean —irailaren 3an izango da sailkapen estropada—”.
Gizonen denboraldi ikusgarria
Hilaren 17an bukatu zuten liga KAE2ko ontziek Colindresen (Kantabria, Espainia). Bikain jokatu du Hibaikako gizonen traineruak lehiaketa eta bigarren sailkatuta bukatu. Play offerako txartela eman dio horrek eta esku-eskura du KAE1 Ligara igotzea, lehia erraza izango ez badu ere.
Daniel Cobjucek entrenatzen duen eskifaiaren gainean denboraldi “ikusgarria” egin duela adierazi du Hibaika Arraun Elkarteak, “Liga bigarren postuan bukatu du taldeak eta play offera sartu. Hiru bandera ere ekarri ditu etxera eskifaiak eta besteren bat ere gertu-gertuan izan dute”.
Asteburuan —hilak 30 eta 31n— jokatuko dute play offa Madalen ontzikoek Portugaleten eta Castron (Kantabria, Espainia) eta arraun elkarteak autobusa antolatu du bi egunetarako. Bertan izena emateko klik hemen. Arraun elkarteak autobusaren gaineko informazioa jasotzeko sare sozialei adi egoteko eskatu du.
Denboraldi osoan “arraunlarien lana erraztu” nahian aritu diren klubeko laguntzaile, delegatu, argazkilari, gidari, babesle ekonomiko, zein udal eta aldundiari ere eskerrak eman dizkie klubak, “haiek gabe gure proiektua ezinezkoa zatekeelako”.
Herriari ere eskerrak eta azken eskaera bat ere Hibaika Arraun Elkartetik, “herritarren berotasuna sentitu dugu, eta azken ahalegin bat eskatu nahi diegu datozkigun egun berezi hauetarako. Kontxan zein igoerako play offetan ondoan behar zaituztegu”. Hori horrela, herriko kaleak gorri-beltzez janzteko deia zabaldu du klubak, “herriko traineruaren banderak, kamisetak eta bestelakoak Foru plaza ondoko Rosmi dendan daude salgai, “arraunlariek zaleen berotasuna estimatuko dute”.
Play offeko bi estropadak bertatik bertara jarraitzerik ez dutenek, Youtube kanalaren bidez zuzenean ikusi ditzakete. Larunbatekoa Portugaleten, hemen klik eginda; igandekoa, Castron, hemen klik eginda.
Ate irekiak
Harrobiaren garrantziaren jakitu da arraun elkartea eta hori horrela Madalen traineruarekiko zein arraunarekiko atxikimendua indartzeko asmoz ate irekien jardunaldia antolatu du irailaren 15etik urriaren 17ra bitartean, “arrauna zertan datzan bertatik bertara ikusi eta probatzeko”. Gonbidapena bereziki, 11 urtetik gorako haur eta nerabeei luzatu die Hibaikak, “badakigu probatzen duenak errepikatu egiten duela”. Entrenamenduak astelehen, asteazken eta ostiraletan izango dira 17:00etatik aurrera.
