Sanjuandarrak, azken txanpara begira
Emakumeek ETE Ligako azken bandera irabazi zuten larunbatean, eta igoerako play-offetara eta Kontxara begira jarri dira. Gizonek sasoiko azken estropadak eta Kontxa dituzte jomugan.
Argazkia: San Juan. Arraun denboraldiak aurrera darrai, eta lehiak une erabakigarrienera iritsi dira. Uda osoan aritu bezala, San Juango emakumeek bukaera bikaina eman diote ETE Ligari, Bilboko estropada irabazi baitzuten larunbatean. Orotara, zazpi bandera lortu dituzte aurtengo udan. Batelerek sailkapeneko bigarren postuan bukatu dute ETE Liga, Zarautzetik puntu bakarrera, eta irailaren 20an eta 21ean jokatuko diren igoerako play-offetara begira jarri dira jada. Bi estropada horiek Bermeoko eta Portugaleteko uretan jokatuko dira, eta horiek eta Kontxako Bandera buru-belarri prestatuko dituzte gaurtik aurrera.
Gizonek, aldiz, bi estropada jokatu dituzte asteburuan. Erreka ontzia hamargarren izan zen larunbatean Ondarroan, eta zortzigarren atzo, Getarian. Bi estropada horien ondoren, zortzigarren postuan dira Eusko Label Ligako sailkapenean, zazpigarren den Lekittarratik soilik bi puntura. Bateleren antzera, azken txanpan sartu dira San Juango gizonak. Kontxaren aurretik bi estropada izango dituzte, biak ala biak Galizian: Bueun larunbatean eta Aresen igandean. Ondoren Kontxa eta ligako azken bi jardunaldiak izango dituzte jomugan Joseba Fernandezen arraunlariek.
