'Amama' filma, Zinema Kalean-en bigarrena
Bihar (hilak 28) Zinema Kalean egitasmoaren bigarren filma proiektatuko dute Antxoko Kultur Etxean, 21:30ean.
Antxoko Biteri plazan egindako emanaldi bateko irudia. Zinema Kalean egitasmoa aurrera darrai Antxon, eta uztailaren 17an Altsasuko dokumentala proiektatu ondoren, bihar (hilak 28, osteguna) bigarren filma proiektatuko dute: Amama. Hasiera batean iragan ostegunean (hilak 21) proiektatuko zuten Ibaiondon, baina antolatzaileek emanaldia atzeratzea erabaki zuten, eguraldi txarragatik. Herritarrek bihar izango dute Amama ikusteko aukera Antxoko Kultur Etxean, 21:30ean.
Zinema Kalean iniziatiba Bokalek herriko gazte taldeekin (Antxoko Topagunea eta Papineko Gazteria) duen elkargunetik jaio zen, eta sustatzaileen helburua da Pasaiako gazteen artean euskarazko kultur edukien kontsumoa bultzatzea, eta horretan dihardute, Pasaiako Udalaren laguntzarekin. Aurtengo egitasmoak azken proiekzio bat izango du urriaren 2an. Ane filma proiektatuko dute, Ibaiondon, 21:30ean.
