Agur esan diete Saharako haurrei
Atzo arratsaldean joan ziren Lezon eta Pasaian uda pasa duten bost haur sahararrak, familiek, lagunek eta herritarrek agurtuta.
Atzo arratsaldean joan ziren Oarsoaldean uda pasa duten bost haur sahararrak, eta gaur goizean iritsi dira Tindufera (Aljeria). Hiruk Donibanen pasa dute aurtengo uda, eta bik Lezon. Familiek, lagunek eta herritarrek atzo agurtu zituzten Gaymula, Fatma, Kanan, Tiba eta Wuaba Donibaneko Bixi-Bixi elkartearen egoitzan. Haiekin batera izan ziren Aintzane Taberna, Aitor Brion eta Natitxu Etxarri zinegotziak. Asteartean, gainera, merienda bat egin zuten denek batera.
Haur sahararren udako egonaldia esperotakoa baino motzagoa izan da, hiru asteko atzerapenarekin iritsi baitziren Euskal Herrira. Haurrak uztailaren 17an iritsi ziren Pasaiara eta Lezora, eta harrera instituzionala egin zieten Lezoko eta Pasaiako Udalek Pasaiako udaletxean. Haur horiek Oporrak Bakean programari esker izan dira Oarsoaldean, eta Bixi-Bixi elkartea da programaren eskualdeko arduraduna. 2026ko uda iristeko zain geratu dira denak.
