Atlantikaldiko jardueretan parte hartzeko izena eman daiteke
Atlantikaldiaren barruan antolatutako jarduerak doakoak dira, baina hainbatetan izena eman behar da aurretik.
Paddle surf tailerra antolatu dute aurten ere.Atlantikaldia Atlantikaldian izen ematea behar duten jardueretan apuntatzeko epea zabaldu dute. Ohi bezala kultur topagune eta musika jaialdiaren barruan antolatutako guztiak doakoak izango dira, baina hainbatetan izena eman beharko da parte hartu ahal izateko.
Izena ematea eskatzen dutenak, ondokoak: bisita gidatuak, Sukaldian iniziatiba, Emakumeen Etxeko ikastaroak, eta paddle surf saioak. Horretarako, klik egin hemen. Izena emateko epea, irailaren 15ean itxiko dute.
Atlantikaldia kultur eta musika jaialdia da, baina baita, herria modu berezian bizitzeko gonbidapena ere udalak nabarmen jarri duenez. Hori sustatzea dute helburu egingo diren bisita gidatuek: irailaren 18, 19, 20 eta 21ean izango dira, euskaraz eta gaztelaniaz, haur zein helduentzat. Alde Zaharra, emakume iraultzaileen historia, industria garaiko Errenteria-Orereta edo itsas sustraiak izango dira, besteak beste, ibilbide tematiko horien ardatz.
Berrikuntzarik bada aurten horien barruan. Izan ere, Palestinako errefuxiatuen egoeraren inguruan gehiago ezagutzeko bisita bat ere izango da.
Haur eta familientzako bi pista joko berezi antolatu dituzte aurten berriro. 5 ateen bila: 5 eta 12 urte bitarteko haurrei eta haien familiei zuzendua dago eta parte hartzen dutenek Alde Zaharreko harresien ate historikoak bilatu beharko dituzte. Irailaren 20an, 10:00etan izango da.
Errenteriako altxorrak azaleratzen da bigarren pista jokoa, 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzat. Pista-joko honetan Kasko Historikoan agertutako aztarna arkeologikoak ezagutuko dituzte. Irailaren 21ean, 10:00etan egingo dute eta ordu eta erdi iraungo du. Haurrek heldu batekin joan beharko dute.
Sukaldian berriz, kulturarteko gastronomia topaketa da. Hainbat herrialdetako errezetak ikasi eta prestatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek —Maroko, Aljeria, Ganbia, Mexiko, Ukraina, Mongolia, Venezuela, Galizia eta ijito komunitatearen errezetak, besteak beste—. Sukaldaritza tailerrak irailaren 21ean izango dira, 10:00etan hasita, herriko elkarte gastronomikoetan. Ondoren, 13:30etik aurrera, prestatutako pintxoak euro baten truke dastatu ahal izango dira Foruen Plazako Herrixka gunean. Salmentatik jasotzen den dirua Zaporeak proiektura bideratuko da.
Beste klasiko bat Atlantikaldiaren barruan, eta arrakastatsua, Oiartzun ibaian paddle surf egiteko jarduera. Irailaren 20an, 17:00, 18:00 eta 19:00etan. Parte hartu nahi dutenek izen-emate orria bete beharko dute.
Azkenik, Emakumeen Etxean ekimen berri bat antolatu dute aurten: DJing tailerra. 15 urteko emakumeei zuzendua, DJ saio propioak sortzen ikasiko dute. Izena eman beharko dute 2 eguneko ikastaro horretarako.
Horiez gain, Atlantikaldiak ehunka proposamen ireki eta doako eskainiko dituela gogorarazi dute udaletik, “herriko kaleetan zehar, guztion gozagarri”.
