Baron Rojo eta Obusen metal doinuak, Lekuona Fabrikan
Tabu Demons taldeak antolatu du kontzertua. Bi taldeek batera Gipuzkoan emango duten kontzertu bakarra da Errenteria-Oreretakoa.
Baron Rojo eta Obus, Lekuona Fabrikan. Heavy metalaren bi handik hartuko dute Lekuona Fabrikaren Sorgunea irailaren 6an: Baron Rojo eta Obus. Bi taldeek elkarrekin Gipuzkoan emango duten kontzertu bakarra izango dela azaldu dute antolatzaileek. Atzean, Tabu Demons elkartea dago. Duela hiru urte sortu zuten musika elkartea eta urtean zehar hainbat kontzertu egiten dituzte.
Ez dira bi talde madrildarren emanaldiak nolanahikoak izango, izan ere, bi orduko saioa eskainiko du bakoitzak irailaren 6ko hitzorduan, eta euren musika ibilbidean izandako arrakasta handienak ekarriko dituzte oholtza gainera.
Lekuona Fabrikaren kokapen estrategikoari ere egin diote aipamena antolatzaileek, “Gipuzkoa osoarekin ezin hobe komunikatuta dago garraio publikoarekin”.
Kontzertuan, gainera, barra izango dela jakinarazi dute eta ohi moduan, janari bilketa egingo dutela zaurgarritasun egoeran daudenei begira.
Sarrerak salgai
Lekuona Fabrikak 19:00etan zabalduko ditu ateak kontzerturako eta dagoeneko salgai daude sarrerak 28,05 euroan (klik hemen). Gipuzkoan elkarrekin batera jotzen ikusteko aukera bakarra izango da Errenteria-Oreretakoa, eta Tabu Demons elkarteak bi pertsonentzat sarrera bana oparitu dio HITZAri bazkideen artean zozkatzeko; irabazleak, sarrera bat jasoko du.
