"Ilusioarekin eta borrokatzeko gogoz ikusten dut taldea"
Liga bikaina osatu eta gero, KAE1 Ligara igotzeko play offa jokatuko du Hibaikaren ontziak larunbat eta igandean. HITZAk Ander Rekondo patroiarekin hitz egin du asteburu erabakigarria ate joka denean.
ander Rekondo Herrero, Hibaikaren gizonen ontziko patroiaDani Novas Denboraldi bikaina osatu du Hibaika Arraun Elkartearen gizonen traineruak. Play offa zuen begiz jota Dani Cobjuc entrenatzaileak lehia hasieran, eta haren aginduetara eta Unai Amenabar prestatzaile fisikoaren jarraipen estuarekin, ederki bete dute arraunlariek egitekoa. Bigarren postuan bukatu dute KAE2 Liga, eta hiru bandera ekarri dituzte etxera, zortzi urteko lehortearekin bukatzeko.
Asteburuan, saio erabakigarria izango dute, bikoitza gainera, larunbatean eta igandean jokatuko baitute KAE1 Ligara igotzeko play offa, Portugaleten eta Castron (Kantabria, Espainia) hurrenez hurren. “Borroka estua” aurreikusi du bi egunetan Ander Rekondo Herrero (Larraul, 2002) eskifaiaren patroiak. Ilusioa eta gogoa gainezka dituzte ordea, hala aitortu du larrauldarrak, eta ahoan bilorik gabe esan, irabaztera doazela lehiara. Marea beltza ondoan izango dute, bi egunerako Hibaika arraun Elkarteak antolatu duen autobusa beteta zegoen aste hasierarako; zaleen babesa ezinbestekoa jo du Rekondok.
Helburua bikain beteta bukatu duzue liga. Play offera heltzea jarri zenuten erronka, eta bigarren sailkatuta bukatu duzue. Zein balorazio egiten duzu?
Balorazioa ona da. Helburua play offean sartzea zen eta ahal bazen liga irabaztea. Lehenengo estropadarekin itxaropena piztu zitzaigun baina gero Oriok erakutsi zuen gu baino puntu bat aurrerago zegoela. Gure helburuan mantendu gara denboraldi osan, lehenengo edo bigarren, eta denboraldi ona egin dugu. Orain ekipo osoa play offera begira ari gara.
Larunbatean Portugaleten eta igandean Castron (Kantabria, Espainia) ariko zarete lehian. Nola ikusten duzu trainerua?
Trainerua gogotsu dago. Egia da tentsio puntu bat dagoela, baina hori beharrezkoa da, ongi etorriko zaigu. Danik [Cobjuc] esaten digun bezala talde barruan giro oso ona daukagu, horrek gure artean bateren batek laguntza behar badu erantzutea dakar, eta ekipo sendoa bilakatu gaitu. Patroi bezala, taldea gogotsu ikusten dut, ilusioarekin eta borrokatzeko gogoz.
2022an egin zuen Hibaikak bigarren Ligan. Hortik aurrera beherago izan zarete sailkapen taulan aurtengora arte. Talde sendoagoa lortu duzue aurten, zerbait aldatu da?
2022an ez nengoen, baina kanpotik begiratuta garai hartan talde helduago bat ikusten zen. Ziklo aldaketa bat izan da tartean, eta berriro bigarren postu honetan sailkatzeak eta banderak irabazteak esan nahi du beste ziklo berri honetan lanak ondo egin direla eta gauzak aurrera atera direla. Ezberdina? Agian taldearen adina. Egungoa dezente gazteagoa da 2022koa baino, jende gaztearekin ere gauzak lortzen ari gara, eta hori da talde barrutik zein atzetik ondo ari garelako.
Hiru bandera ere irabazi dituzue, duela 8 urte irabazi zenuten azkena. Zer suposatu du horrek arraun elkartearentzat eta arraunlarientzat?
Taldearentzat ilusioa suposatu du bandera horiek irabaztea. Denboraldi hasieran borrokan arituko ginela aurreikusi genuen. Aurreko urteari erreparatuta pixkat urrun ikusten genituen banderak, eta lehenengo estropadara joan eta bandera irabazteak, ilusioa eta motibazio garrantzitsua eman dio talde guztiari aurrera segi eta bandera gehiagoren bila joateko.
Klubari begira, mutilen arloan atzetik egiten ari den lana ona dela erakusten dute emaitza horiek, emaitzak lortzen ari direla lan horri esker.
Portugalete, Camargo eta Hondarribia B izango dituzue aurkari asteburuan… bateren batek ematen dizue errespetu handiagoa?
Beraiekin estropada gutxi egin ditugu, denboraldiaurrean egin genituen batzuk eta guztietan beraiekin ibili gara, parean, batzuk apur bat gorago, beste batzuk pixkat beherago, baina hor ibili gara borrokan bost segundo artean. Pentsatzen dugu denak gertu ibiliko garela, eta egia da denboraldiaurretik hona aldaketak izango zirela; haiek hobetuko ziren, baina baita gu ere. Borroka estua aurreikusi daiteke.
Agian ligako postuari erreparatuta, Hondarribia B izango da errespetu handiena emango diguna. Hala ere irabaztera joango gara.
Arazoa izan du Hibaikak historikoki gizonen traineruan eskifaia egonkor mantentzeko, eta horrek hasieratik abiatzera eraman zaituzte ia urtero. Aldaketarik izan da horretan, taldea eta proiektua mantentzeko aukera aurreikusten duzue?
Nire usterako, azken urte honetan trainerua mantendu da jendea behetik igo delako. Modu errazena blokea osatu eta mantentzeko harrobitik arraunlariak igotzea da, harrobia izatea. Beti kanpoko jendearen menpe ibiliz gero, azkenean, oso zaila da mantentzea. Bizkarrezurra etxean lortu behar da, harrobiko jendearekin. Kasualitatez iaz harrobiko lauzpabost arraunlari igo ziren trainerura, eta traineru erdia dira horiek ia-ia. Horrekin batera, jende beteranoa ekipoan gelditzeak eragin handia du, horiek ere, ekarpen handia egin diote taldeari.
Zer ekarri dio taldeari Dani Cobjuc entrenatzaileak?
Entrenatzaile bakoitzak bere estiloa eta izaera ditu normala den bezala. Dani [Cobjuc] oso pertsona lasaia da, eta ziurrenik, urduritasuna askotan gailentzen den ekipo gazte batentzat, oso ekarpen garrantzitsua da berak ematen digun lasaitasun hori. Beti lasaitzen dabil, alderdi teknikoaz aparte, burua hotz mantentzeko abilidadea ematen digu.
Jarraituko duen aurreratzerik bai?
Hori ez dakigu, berari dagokio hori esatea.
Unai Amenabar prestatzaile fisikoari ere aipamen berezia egin dio elkarteak. Haren lana ere garrantzitsua izan da aurtengo denboraldian, ezta?
Lehen urtea da Unairekin [Amenabarrekin] ari garela, baina uste dut iaz halako prestatzaile baten figuraren falta sumatu genuela. Gure kontura ibili ginen. Oso lan ona egin du eta hori emaitzetan ikusten da, baita ekipoari erreparatuta ere. Taldea indartsu dago, hala mantentzen da, eta play offera hala iritsiko gara fisikoki.
Zaleak. Zein garrantzia dute honetan guztian. Play offaren harira bi egunetan autobusa antolatu du elkarteak zuek animatzera joateko?
Herriko jendea ondoan izateak asko laguntzen du zalantzarik gabe, eta hala ikusi zen herrian egindako estropadan. Egia da ez genuela arraunketa egokia izan, agian prezipitatuegia izan zen, baina herriko jendea ondoan izateak laguntzen zaitu arraunean ari zarenean. Fisikoki berdin zaude, baina mentalki bultzada da; animo horiek entzutea estropadan barrena, pizgarria da arraunlarientzat.
Txaranga ere sortu omendu dute play offean zein Kontxan animatzeko… Nola bizi dituzue halako babes erakustaldiak?
Oso ondo. Normalean urrutitik ikusten ohituak gaude horrelakoak, beste taldeetan izaten diren kontuak direlako, eta halako iniziatiba bat abiatzea taldearentzat osasungarria da. Asko lagunduko gaitu Hibaikako bi ontziei.
KAE1 Ligara igotzeak zer suposatuko luke arraunlarientzat eta elkartearentzat?
Aurrera pausu handia litzateke. Bi urte daramat Hibaikan, eta bi urtean igoera lortzea garrantzitsua litzateke. Arraunlarientzat pizgarria litzateke zalantzarik gabe; bloke bat mantentzeko ezinbestekoak dira pizgarriak eta motibazioa, ezin duzu bloke bat mantendu helbururik gabe, eta helburua lortuz gero errazagoa izango da blokea mantentzea.
Bloke sendo eta on bat izatea oso garrantzitsua da arraun munduan.
