Hibaikak irabazi du play offaren lehen jardunaldia
Hiru segundoko aldea atera diote errenteriarrek Hondarribia B ontziari eta nagusitasuna lortu; Camargo eta Portugalete hirugarren eta laugarren sailkatu dira, hurrenez hurren
Hibaikak irabazi du play offaren lehen jardunaldia Erakustaldia gaur Hibaikako senior gizonen traineruak Portugaleten. Bertan jokatu dute KAE1 Ligara igotzeko play offaren lehen jardunaldia eta errenteriarrak izan dira irabazleak. Erlojupekoa izan dute gaurko estropada eta Hibaikako ontzia lehen ziabogatik izan da lehen postuan eta nagusitasun hori mantentzen asmatu bukaerara arte. Emaitzak ikusteko klik hemen.
Dani Cobjucek gidatzen duen taldeak 20:45.29ko denbora egin du; hiru segundo pasa gehiago behar izan ditu bigarren sailkatu den Hondarribia B ontziak.
Lanen erdia bukatuta, bikain errenteriarrak. Bihar izango dute bigarren eta azken jardunaldia Castron (Kantabria, Espainia), eta bertan erabakiko da zein ontzik lortzen duen datorren denboraldian KAE1 Ligan lehiatzeko txartela preziatua. Denborei erreparatuta Hibaika eta Hondarribia Bren artean da lehia: lehengoa igotzeko saiakera bizian ariko da gaur moduan; bigarrena, mailari eusteko borrokatuko da.
Marea beltzaren babesa bete-betean jaso dute arraunlari oreretarrek gaurko estropadan, autobusa antolatu du klubak taldeari babes erakustaldia egin eta hauspoa emateko, eta bihar ere hala izango dute. Hibaika Txarangak ere jarri du bere alea play offaren lehen jardunaldian. Txalo artean eta Hibaikaren aldeko oihu artean hartu dituzte zaleek arraunlariak. Behin lehorrean, arraunlariek eta entrenatzaileak esker ona adierazi diete zaleei eta Hibaika txarangari denboraldian zehar bezala ere klubarentzat hain erabakigarria den une honetan ematen ari diren babesarengatik, txaloka.
Arraunlariak zein entrenatzaile eta prestatzailea pozik, baina jakitun gaurko garaipenarekin ez dela nahikoa, eta bihar ere irabaztera atera behar dutela uretara. Hala egingo duten zalantzarik ez da; argi utzi dute gaurko estropadan: borrokatu egingo dute irabazteko, eta ez dute Cobjucenak ezer oparituko.
Biharko estropada, 11:00etan hasiko da eta bertaratu ezin dutenek zuzenean jarraitzerik izango dute (klik hemen).
