Zuriñe Alberdi: "Saria izan da play offean lehiatzea"
Gaurko jardunaldian hirugarren sailkatu dira Hibaikako gizonak eta sailkapen orokorrean bigarren gelditu. Oraindik ere badira aukerak KAE1 Ligara jauzi egiteko, goiko ligetako emaitzen arabera.
Hibaikako arraunlariak zaleekin Castron, Play offaren bigarren jardunaldia bukatuta Atzoko lana ezin izan du biribildu gaurko estropadan Hibaikak. Itsasoan zuten play offaren bigarren jardunaldia, Castron (Kantabria, Espainia) eta gehiago izan dira lehia horretan Hondarribia B eta Camargo ontziak. Hirugarren sailkatu dira Dani Cobjucek entrenatzen dituen arraunlariak gaurko estropadan, baina atzoko garaipenak bigarren kokatu ditu sailkapen orokorrean.
Ateak, beraz, ez dira erabat itxi KAE1 Ligara igotzeko errenteriarrentzat. Hori bai, egin beharreko lanak egin dituzte jada, eta orain, goiko ligetako taldeen arteko play offean gertatzen denak baldintzatuko du Hibaikako traineruaren etorkizuna: KAE1 Ligara jauzi egin edota KAE2 Ligan lehiatzen jarraitzea datorren urtean.
Denboraldi ederra egin dute Cobjucenak eta ginga jarriko dioten jakiteko itxarotea dagokie orain oreretarrei. Zaleen babesa ez zaie falta izan gaurko estropadan ere eta arraunlariek haiekin argazkia egin dute estropada bukaeran.
Zuriñe Alberdi Hibaikako delegatuak balorazio positiboa egin du: “Egia da TKE Ligako play offean gertatzen denaren zain egon behar dugula, baina oso pozik gaude, saria izan da hemen izatea. Borrokatu dugu, oso harro gaude. Hondarribia zoriondu nahi dugu KAE1 Ligan jarraituko duelako, eta guri, itxoitea dagokigu”.
Madalen traineruaren entrenatzailea ere mintzatu da eta play offaren zein denboraldiaren balorazioa egin: “Play offaren bi estropadak egin ditugu. Atzo oso estropada ona egin genuen, gaur, berriz, erdipurdikoa. Orokorrean oso pozik nago arraunlariekin, denboraldi oso ona egin dute, oso play off ona. Bigarren gelditu gara, eta orain hiru asteko itxaronaldia dugu aurretik”.
Itxaronaldi hori luzea izango dutela aitortu du Dani Cobjucek, “TKE eta KAE 1Ligako play offean gertatzen denaren arabera igoko garelako ligaz edo ez. Galiziako talde bat igotzen bada, KAE2 Ligako bi ontzi igoko direlako, eta Galiziako bi ontzi igotzen badira, berriz, kanpoan geldituko gara”.
Gaurko estropadaren denborak ikusteko, klikatu hemen.
