Gomendio eta neurri bereziak 'San Juan'-en botaduragatik
Ostiralean 'San Juan' baleontzia uretaratuko du Albaolak, 17:00etan. Botaduraren harira, udalak hainbat gomendio eta neurri berezi helarazi dizkie herritarrei, segurtasuna bermatzeko.
Ostiralean (hilaren 7an) San Juan baleontzia uretaratuko du Albaola Itsas Kultur Faktoriak, 17:00etan. Botaduraren harira, Pasaiako Udalak hainbat gomendio eta neurri berezi helarazi dizkie herritarrei, ekitaldia behar bezala garatzeko eta bertaratuko diren pertsona guztien segurtasuna bermatzeko.
Udalak aurreikusi du jende asko bilduko dela Pasaiako badian, eta bisitariei dei egin die ibilgailu pribatuan ez joateko: “Pasaiak ez du aparkaleku nahikorik, eta ez da aparkaleku gehigarririk jarriko ekitaldia dela eta. Hori dela eta, garraio publikoa erabiltzea eskatzen da. Pasaiak konexio onak ditu, bai trenez eta baita autobusez ere. Gainera, beste mugikortasun baliabide iraunkor batzuk erabiltzeko aukera ematen du”.
Ostiralean San Pedroko Arraunlari kalea, kaiko gunekoa, itxita egongo da 13:00etatik ekitaldia bukatu arte. Aldi horretan, bertakoei bakarrik utziko diete sartzen, ibilgailuen zirkulazioa bideragarria eta segurua den kasuetan bakarrik. Torreatzeko eremua erabat itxita egongo da ekitaldia bukatu arte. Hortaz, ibilgailuak ezingo dira ez sartu ez atera.
Halaber, Donibane kaleko semaforoa emergentzia fasean aktibatuko da, eta debekatuta egongo dira ibilgailuen sartu-irtenak botadurak irauten duen bitartean (13:00etatik ekitaldia bukatu arte).
Botadura behar bezala egiten dela bermatzeko, udalak lurreko segurtasunerako dispositibo berezi bat ezarri du Pasaiako Udaltzaingoarekin, Ertzaintzarekin eta Babes Zibilarekin. Horrez gain, ur dispositibo bat ere aktibatuko dute, Ertzaintzaren Zaintza Erreskate Unitatearekin eta Gurutze Gorriarekin. Ekitaldiak ere osasun laguntza izango du San Pedroko Kalparran eta Donibaneko Hiltegian, edozein gorabeherari aurre egiteko.
Azkenik, udalak adierazi du erabat debekatuta egongo dela Kalparrako, Donibaneko Santiago plazako eta kirol kaiko ontziralekuak erabiltzea, segurtasunagatik. Horrez gain, jolas eta kirol nabigazioa ere mugatuta egongo dela jakinarazi du udal erakundeak.
Udalak herritarren laguntza eskertu du, eta edozein gorabeheraren aurrean, larrialdi zerbitzuekin lehenbailehen harremanetan jarri behar dela gogorarazi du: Udaltzaingoa (943 00 43 00) eta SOS Deiak (112).
