Lautik lau Donibane Eskubaloiarentzat
Asteburua biribila izan da Donibane Eskubaloiarentzat, lehian dituzten lau taldeek garaipena lortu baitute.
Asteburua biribila izan da Donibane Eskubaloiarentzat, lehian dituen lau taldeek garaipena lortu baitute. Gizonen talde nagusiak olatuaren gainean jarraitzen du. Talde igo berria izan arren, Euskadiko Senior Ligan jokatutako bost partidak irabazi dituzte, eta lidergoa indartu dute Gasteizko Corazonistas taldea estu menderatu ondoren (31-27). Une honetan sailkapenaren gorenean dira, eta hiru puntu ateratzen dizkiote bigarren postuan den Elgoibarri. Partidaren bukaeran, arrauneko Euskotren Ligara igo berri diren Batelerak ontziko arraunlariak omendu zituzten emakumeen talde nagusiko jokalariekin batera.
Gizonen talde nagusiaren antzera, emakumeen lehen taldeak ere garaipen argia lortu zuen Hernaniren kontra (35-26). Emakumeek daramaten bolada onari jarraipena eman diote, bi garaipen jarraian lortu baitituzte eta sailkapenean postuak igotzen ari baitira. Gizonen bigarren taldeak ere jokoan zeuden bi puntuak eskuratu zituen Donostiako Saieko taldea menderatu ondoren (34-38). Gizonen bigarren taldea ere denboraldi bikaina osatzen ari da, eta jokatutako sei partidetatik bost poltsikoratu dituzte. Azkenik, kadeteek ere garaipen argia lortu zuten Egiaren kontra (24-40), eta sailkapeneko ohorezko postuetan kokatu dira.
