Migrazioa eta amatasuna erdigunean, 'Zilborra' erakusketarekin
Emanbira Kultur Elkarteak antolatuta, Xenpelar etxean zabalduko dute erakusketa hilaren 17an eta 29ra arte bisitatu ahalko da.
OLYMPUS DIGITAL CAMERA Zilborra erakusketa zabalduko dute hilaren 17an Xenpelar Etxean, Emanbira Kultur Elkartearen eskutik. Oinarrian amatasuna eta migrazioa ditu ardatz proiektu artistikoak eta hilaren 29ra arte izango da hura ikusteko aukera.
Erakusketaren arduraduna den elkarteak azaldu duenez, emakume migratzaileak “protagonista eta subjektu aktibo” gisa kokatu ditu erakusketak eta familiaren zein ingurune sozialaren zaintzaile moduan, eta prozesu migratorioan zehar egin behar duten identitate eraikitze eta dolu forma ezberdinen aitortza egin nahi die. Zilborrrak begirada sentibera, kritikoa eta kolektiboa proposatuko dio bisitariari, bizipen horietara gerturatzeko aukera eskainiz, eta estereotipoak baztertuz, emakume horien irudikapen duin eta aktiboa eginda.
Ilustrazioek, argazkiek eta ikus entzunezkoak osatzen dute erakusketa, eta horiek guztiek, sustraia, lurraldea, gorpuztasuna eta memoriarekin bat egiten duen ibilbide sinbolikoa sortzen du.
Erakusketaren inaugurazioa hilaren 17an izango da, 18:00etatik 19:00etara. Munduko pintxoen dastaketa antolatu dute egun horretarako, topagune, kultur elkartruke, eta espazio komunitarioa bihurtzeko. Antolatzaileek herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte, hausnartu eta gerturatzera. Erakusketak Errenteriako Udalaren Kultura departamentuaren eta La Caixa Fundazioaren laguntza jaso du.
