Pasaiako etxez etxeko langileak: "Ez gara gatazka honen erantzule"
Joan den astean Pasaiako Udalak zabaldutako mezuari erantzun diote etxez etxeko langileek. "Haserre" daude.
Etxez etxeko langileak, joan den asterko astearteko udalbatzarrean.Etxez etxeko langileek bidalitakoa Joan den astean Pasaiako Udalak, Gizarte Ekintza zinegotziaren bidez, etxez etxeko langileen egoeraren gaineko iritzia eman zuen. Langileek horri erantzun diote. “Gu ez gara gatazka honen erantzule”, esan dute, “enpresaren xantaiaren aurrean, udalak gatazkari bizkar eman dio langileak linboan utziz”. Hala, udalari hiru erantzukizun har ditzala eskatu diote: “Udalak bere erantzukizuna bere gain har dezala, zerbitzu publikoaren azken arduraduna baita, eta hitzarmenaren aplikazioa bermatu dezala. Azpikontratazio eredua udalak hartutako erabaki politikoa da; premiazkoa eta gardena den negoziazio-mahai bat deitzea, alde guztien parte-hartzearekin, gure ordezkarienak barne; eta amaitutzat ematea langileen linbo egoera, eta gure gain erantzukizuna jarri nahi duten maniobrak”.
Langileek azaldu dutenez, 2024ko irailean aurkeztu zuten euren lan baldintzak duintzeko hitzarmen proposamena, aurretik sei hilabetez borrokaldian izan ondoren. “Hala ere, martxoan udalak plegua atera zuen inolako igoerarik gabe, eta derrigortu gintuen negoziazio azkar batera, baina ez zen akordiorik lortu, ez enpresaren eta ez udalaren artean. 2025eko maiatzean udalak proposamen ekonomiko berri bat aurkeztu zuen, eta irailean beste baldintza batzuk, Matia Goxarak hitzarmenean jaso behar zituena”. Zerbitzuaren kudeaketa azpikontratatua duen Matia Goxarak proposamen horiek baztertu zituen, dirurik ez zuela argudiatuta, eta diru publiko gehiago eskatu zuen. Hori, “enpresaren xantaia” izan zela uste dute langileek, baina horren aurrean udalak ez duela urrats irmorik egin azaldu dute, “gainera, akordiorik ezaren erantzule garela iradoki du udalak. Guztiz onartezina da hori”.
Langileek irmo defendatu dute eurek ez direla Matia Goxara enpresaren, udalaren eta euren arteko negoziazioaren blokeoaren erantzule. “Hainbat alternatiba planteatu ditugu. Gu gara gure konpromisoa betetzen ari garen bakarrak, sakrifizioz eta duintasunez. Gatazka udalak eta enpresak mantentzen dute: biak ez dira gai beren erantzukizunak onartzeko. Enpresa ez da negoziatzera esertzen, eta udalak ez du alternatibarik proposatzen”.
Jada bi hilabete pasatxo daramate Pasaiako etxez etxek langileek greba mugagabean, ELA eta LAB sindikatuen babespean. Azaldu dute lanera bueltatzeko desioa dutela, eta kalitatezko zerbitzua eman nahi dutela, baina horretarako “hitzarmen duinaren” beharra nabarmendu dute, “prekarietatetik aterako gaituena”. Irtenbide eske ari dira, “ez ditugu aitzakiak nahi”.
Udalak joan den astean zabaldutako informazioari ere erreparatu diote. Langileek uste dute “irudi publikoa garbitzeko” mezuak zabaldu dituela udal erakundeak, “lotsagarria iruditzen zaigu egia ez esatea. Bereziki larria da langileen eskubideen aldeko konpromisoa erakusten duen irudia proiektatu nahi izatea, benetan greba egiteko eskubide legitimoa baliatzen ari garenon errealitatea mespretxatzen den bitartean. Udala, defendatzen zituela zioen lan-eskubide berak urratzen ari da, eta gu, eskubide horiek aldarrikatzen ditugunak, traba gisa tratatzen gaituzte”.
