Adinekoen Kontseilua izango du Pasaiak
Udalerriko pertsona nagusien beharrizanen diagnostikoaren ondorioetakoa da mahai hori sortzea, agiri horretan jasotako 44 hobekuntza proposamenei eusteko.
Diagnostikoaren aurkezpenko une bat.Pasaiako Udala Urtebete eta erdiko lanketaren ondoren, Pasaiako Udalak udalerriko pertsona nagusien beharrizanen diagnostikoa aurkeztu zuen astelehenean, Trintxerpeko alkateordetzan egindako ekitaldian. Diagnostiko horretan, egindako lanketa eta ikerketa lanaren ondorioz, 44 hobekuntza proposamen zehatz identifikatu dira, eta horiek aurrera eramateko Adinekoen Kontseilua sortuko dute. 2026ko urtarriletik aurrera kontsulta organo horretan hasiko dira udalerriko 65 pertsonen beharrizanetan nola eragin daitekeen erabakiak hartzen. Diagnostikoa osatzeko 85 pasaitarren partaidetza izan da; kontseiluan ere parte har dezakete herritarrek, eta izena eman nahi dutenek posta elektroniko mezua bidal dezakete, edo 943 34 40 34 telefono zenbakira deitu (910 luzapena). Herritarrekin batera Bizipoz kooperatibako dinamizatzaileak, udaleko alderdi teknikoko kideak eta udal gobernua izango dira organo horren partaide.
Aurkezpen ekitaldian Teo Alberro alkatea, Aintzane Taberna Gizarte Ekintzako zinegotzia eta diagnostikoa egin duen Bizipoz kooperatibako Eider Etxebarria eta Beatriz Santamaria izan ziren. Azaldu zuten diagnostikoaren helburu nagusiak izan direla 65 urtetik gorako pertsonen bizi-baldintzen azterketa sakona egitea, eskura dituzten baliabideak haien beharretara egokitzen diren ebaluatzea, eta haien eskaera edo behar espezifikoak ezagutzea. 44 hobekuntza proposamenak izan zituen hizpide Tabernak: “Ez gara teoriaz ari, eguneroko bizitza eralda dezaketen proposamen zehatzez ari gara: espazio publikoak hobetzea, nahi ez den bakardadea laguntzea, belaunaldien arteko boluntariotza sustatzea, eta hurbileko zerbitzu irisgarriak bermatzea”.
Diagnostikoak zortzi atal nagusi aztertu ditu: pertsona nagusiekiko pertzepzioa; gizarte eta osasu zerbitzuak; kultura, hezkuntza, aisia eta kirol eskaintza; belaunaldien arteko harremanak; nahi ez den bakardadea; jubilatuen elkarteen erronkak; gizarte-eragileen erronkak; eta hobetu beharreko eremuak (aire zabaleko espazioak, eraikinak, garraioa eta etxebizitza).
Udalerriko 16.649 biztanleen %20 pasatxok ditu 65 urte baino gehiago (3.660 dira denera). Hala, adineko horien beharrizanetara egokituta politikak garatzea justizia sozialetik harago doala adierazi zuen Teo Alberro alkateak: “Herria guztiontzat bizigarriagoa bihurtzeko bidean aurrera egitea da. Adinekoentzako politika inklusiboez hitz egitea Pasaia gizatiarragoaz, kohesionatuagoaz, berdinzaleagoaz hitz egitea da. Urrats honekin, Pasaiak konpromisoa hartzen du pertsona nagusien autonomia, parte hartzea eta ongizatea indartzeko politikak eta programak martxan jartzeko”.
