Zirizarako 300.000 euroko diru laguntza jasoko du udalak
Finantzaketa hori EH Bilduk 2023an aurkeztutako zuzenketa baten emaitza dela adierazi du udalak. Trintxerpeko eraikinean eraginkortasun energetikoko eta irisgarritasuneko obrak egingo dituzte.
Espainiako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Jasangarrien Ministerioak Trintxerpeko Ziriza eraikinean eraginkortasun energetikoko eta irisgarritasuneko obrak egiteko 300.000 euroko diru laguntza emango dio Pasaiako Udalari. Finantzaketa hori EH Bilduk 2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorren negoziazioan aurkeztutako zuzenketa baten emaitza dela adierazi du udalak. Jarduketa horiekin eraikinaren gutxieneko erabilera egokia bermatu ahal izango dela baietsi du udal erakundeak.
Udalak gogorarazi du 2023an ezin izan zela diru laguntza hori gauzatu, Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) Ziriza eraikina udalari lagatzea oraindik gauzatu gabe zegoelako. Egoera horren aurrean, Teo Alberro alkateak eskutitz bat bidali zion Garraio eta Mugikortasun Jasangarrien Ministerioari, laguntza eskualdaketa bukatu ondoren gauza zedin eskatzeko. Eskutitz horretan, alkateak bere garaian aurrekontu partida erabiltzea eragotzi zuten zailtasun tekniko eta administratiboen berri eman zuela jakinarazi du udalak, eta hurrengo ekitaldietarako konpromiso ekonomikoari eusteko eskatu zuen.
Ministerioak eskaera horri “aldeko erantzuna” eman diola adierazi du udal erakundeak, “proiektuaren interes publikoa eta jarduerak udalerriarentzat duen garrantzia aitortuta”. 2023an EH Bildurekin adostutako 300.000 euroko partida 2025ean gauzatuko dela baietsi du udalak, “funtsak pasaitarren onurarako izango direla bermatuz”.
Alberro “pozik” agertu da ebazpenarekin: “Urrats hau oso garrantzitsua da Ziriza udalerrirako espazio erabilgarri gisa berreskuratzen jarraitzeko. Diru laguntza hori berresteak erakusten du konstantziak eta erakundeen arteko elkarrizketek emaitzak ematen dituztela. Bereziki eskertu nahi ditut EH Bilduk aurrekontu negoziazioan egindako lana eta ministerioak Pasaiarekiko konpromiso hori egia bihurtzeko agertu duen prestasuna”.
Ziriza eraikina Trintxerpeko “industria eta itsas iraganaren sinbolo” dela adierazi du udalak, eta historikoki lotuta egon da “Pasaiako nortasuna” hainbat hamarkadatan markatu zuen arrantza eta ontzigintza jarduerarekin. Hainbat urtez erabili gabe eta zaharkituta egon ondoren, udalak “espazio enblematiko” hori berreskuratu nahi du herritarrentzat, “tokiko kulturari, sormenari eta elkartegintzari lotutako erabilera publiko berriak dituen leku bihurtuz”. Jarduera hori udalaren helburu estrategiko baten barruan kokatzen dela azaldu du udal erakundeak berak: “Ondare publikoari balioa ematea eta egungo behar sozial eta komunitarioetara egokitzea”.
Hala ere, udalak nabarmendu du jasotako diru laguntza “pieza txiki bat baino ez dela”, Ziriza eraikinak behar dituen birgaitze integraleko prozesuaren barruan. Udal erakundea jakitun da eraikin horrek “inbertsio handiagoa eta asmo handiagoko” proiektuak behar dituela, erabat berreskuratu ahal izateko. Laguntza, baina, norabide horretan “urrats sendoa” dela zehaztu du udalak, eraikinaren segurtasuna bermatuko duten jarduketak egitea ahalbidetuko baitu. Horrekin batera, herritarrek eta tokiko elkarteek espazioaz gozatu ahal izango dute.
