Udazkeneko gozagarriak
Baserritarren udazkeneko azoka berezia egin dute gaur Errenteria-Oreretan. Lehen sektorearen balioa kalera atera dute.
Udazkeneko baserritarren azoka berezia jaso du gaur herriak, Errenteriako udalak eta Behemendi Landa Garapeneko elkarteak antolatuta. Urtaroko produktuak izan dituzte erakusgai eta salgai herrian lehen sektorean aritzen ari diren ekoizleek, eta goizaren zati askotan eguraldia makur portatu bada ere, izan dituzte salmentak. Berezia izanik, girorik ez da falta izan Udal Txistulari Taldea, Herri Arte Eskolako albokari eta pandero jotzaileak, eta mutxikoak ere bisitan izan direlako. Bertako produktuekin, bertakoen musika, dantza eta saltsa.
Larremotx baserriko ardi gazta ekologikoa, Larreaundi baserriko barazkiak, Arraztalo elkarteko barazki ekologikoak, Lurraren Orena ustiategiko barazki ekologikoak, Arretxegar ustiategiko barazkiak, eta Gomutxa Lapurdiko ekoizlearen gaztainarekin egindako produktuak izan dira lurrak eta abereek emandako gozagarrien postuetan. Bonboiak ere ez dira falta izan, azokaren aldamenean kalabaza eta gaztaina osagai dituzten bonboiak egiten ikasteko tailerra egin dutelako; nola ez, horiek jan dituzte hala nahi izan dutenek.
Azokaren misioa lehen sektorean ari diren baserritarrak eta nekazari ustiategiak ezagutaraztea izan da, egiten duten lana aitortuta. Antolatzaileek esan dute lehen sektorean ari diren horiek direla ingurua eta paisaia mantentzen laguntzen dutenak, baita merkatua eta gertuko saltokiak kalitatezko elikagaiez hornitzen dituztenak ere.
Jarraian, azokaren hainbat irudi eta albokarien nahiz pandero jotzaileen agerraldiaren une bat.
