Egun historikoa
Arrasto sakona utzi du atzoko 'San Juan' baleontziaren uretaratzeak. Albaolako faktoria, ordea, ez da geldirik izango.
'San Juan' baleontziaren uretaratzearen une bat.Albaola Itsas Kultur Faktoria Egun historikoa. Hala definitu du Albaola Itsas Kultur Faktoriak atzoko eguna. San Juan baleontziak, hamar urtez lehorrean hazten izan ondoren, lehenengoz Pasaiako badiako ura laztandu zuenekoa alegia. “Albaolak historia egiten jarraitzen du”, esan dute itsas ondarearen faktoriakoek. Baleontziaren erreplika egiteko prozesua 2014an hasi zenetik, 340.000 bisitari baino gehiago izan ditu atzora arte lurrean zen ontziak, horietatik 80.000 ikasleak zirelarik. Atzo, Albaolaren inguruan, San Pedron edo San Juanen, milaka izan ziren irrikaz jarraitu zutenak uretaratzea. 17:00etan hasi zen hori.
Aurretik, ordea, ekitaldi instituzional mardul, jendetsu eta esanguratsua egin zen ontzigintzaren tenpluan. Jon Maiak eta Maitena Salinasek gidatu zuten Ekitaldia Juan de Anchietaren O bone Jesu piezarekin hasi zen, Errenteria-Oreretako Zaria Koru Eskola abesbatzaren eskutik. Ondoren, Aitor Mendiluze, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbiok bertsoak eskaini zizkioten baleontziari. Jarraian, Xabier Agote Albaolako presidenteak eta erakundeetako hainbat ordezkarik hartu zuten hitza: Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek; Eider Mendoza diputatu nagusiak; Teo Alberro Pasaiako alkateak, Espainiako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Ministerioko Jose Antonio Santanok; Espainiako Kultura Ministerioko UNESCOren konbentzio-arloko Pablo Jimenez idazkariak; eta Espainiak Kanadan duen enbaxadako Alfredo Martiínez enbaxadoreak.
Kanadako ordezkariak ere izan ziren ekitaldian. 1978an topatu zuten herrialde hartako Labrador eskualdeko Red Bay herrian San Juan hondoratua; Kanadako Gobernuko bidali berezia izan zen Stephane Dion lehen ministroa; haren ondoan izan ziren Kanadak Espainianko Estatuan duen enbaxadako Jeffrey Marder enbaxadorea; Nekazarien Lurralde Unitateko Zuzendaritzako eta Parks Canada Agentziako John Wall; Stephen Augustin, M’KMAQ komunitateko herentzia burua, Wanita Stone Red Bay herriaren ordezkaria eta Red Bayko alkateordea; eta Carolina Marchand. Marchand Robert Grenierren emaztea da, baleontziaren aitabitxiaren ematea, eta bere izenean etorri da Euskal Herrira. Horien guztien hitzarte artean, Lucia Lacarra eta Mathew Goldwing dantzarien emanaldia ere izan zen.
Jada Albaola barrualdeko ekitaldia bukatuta, kanpoaldean, Zaria Koru Eskolak Jeiki jeiki kantu klasikoa interpretatu zuen. Ondoren, Agotek baleontziko azken pernoa jarri zuen San Juan-aren brankan, eta erramu sorta jarri zion. Marchandek kaskoa sagardoarekin bataiatu zuen, errodatik.
Apurka hasi zen jaisten San Juan orduan badiarantz. Garai batean munduko ontzirik moderno eta onenek egin zuten bezala. Xabier Agotek maiz esaten duten bezala, Pasaia XVI. mendeko “Cabo Cañaveral” antzekoa zelako. Itsasoko langile trebeenak bakarrik ez; ontzi egile iaioenak ere zituen garai hartan Pasaiak eta Euskal Herriak. San Juan-en erreplika egiteak hori guztia berreskuratzea ekarri du, herritarren artean ezagutza hori zabalduz, eta eraikitze prozesuan landutako den-dena mimoz eta garai bateko teknikekin uztartuz.
Orain, zer?
Albaolak jakinarazi du San Juan-en eraikuntzaren lehorreko fasea bukatu dela. Uretakoa hasi da. Hala, besteak beste, soken muntaketa (4 kilometro soka erabiliko dituzte) edo belen osatzea (600 metro koadroko bi bela handi) etorriko dira. Aingura forjatuak, bale-txalupak, kobrezko galdarak, barrikak eta garaiko materialekin eta teknikekin egindako beste tresna batzuk ere jarriko dizkiote datozen hilabeteetan. Ekipamendu horiek jarri ahala, ontzia museo bilakatuko da, herritarrei zabalduko diete bisita dezaten. Helburua da 2027an Red Bayra eramatea San Juan.
Orian, lehorrean baleontziak utzitako tokia Ozentziyo barkuak hartuko du, Donostiako portuko azken atunontzi tradizionalak, alegia. Ontzi hori zaharberrituko dute teknika tradizionalen bidez, berriz ere euskal itsas ondarea berreskuratu eta ezagutarazteko asmoz.
Jarraian, Albaolak HITZAra bidalitako argazkiei esker, atzoko ontziratzearen hainbat unerekin irudi-kronika.
