Memoria josten jarraitzen du udalak
'Memoria partekatu baterantz (II). Errenteria 1956-2021' giza eskubideen urraketak jasotzen dituen memoria liburu berritua aurkeztuko du Argituz elkarteak asteazkenean.
Memoria Partekatu Baterantz dokumentuaren aurkezpena Beharrezkoa da memoria iragana eta oraina lotzeko, baina baita oinarri horretatik abiatuta etorkizuna eraikitzeko ere. Memoria horri argia ematea, ezinbestekoa da, eta bide horretan urrats bat gehiago egingo du Errenteriako Udalak asteazkenean. Memoria partekatu baterantz (II). Errenteria 1956-2021 giza eskubideen urraketak jasotzen dituen memoria liburu berritua aurkeztuko du asteazkenean Argituz elkarteak.
Txostena aurreko lan handi baten segida da, puntu eta jarrai. Izan ere, duela hamar urte Memoria partekatu baterantz. Errenteria 1956-2012 txostena aurkeztu zuen udalak, Argituz giza eskubideen aldeko elkarteak onduta. Mugarri bat izan zen argitalpena giza eskubideen urraketarekin lotuta, Errenteria-Oreretan bizi izandako gertaerak jaso eta aitortzeari dagokionez. Liburu hura osatuta, landu zuen txosten haren berrargitalpen zabaldu eta eguneratua aurkeztuko du Argituzek asteazkenean 19:00etan, Niessen aretoan. Ekitaldira sarrera, Alfontso XI kaleko ataritik egingo da. Udalak eskatuta egin du Argituz elkarteak txostena, eta Gipuzkoako Foru aldundiak lagunduta.
Argitalpenaren egileek berritasunak aurkeztuko dituzte, eta segidan, argitalpenean jaso eta aitortu diren giza eskubideen urraketa ezberdinak ordezkatuz, lau biktima ariko dira solasean mahaiaren bueltan Maitane Salinasek gidatutako solasaldian. Mahai horretan, Alberto Muñagorri, Itziar Gomez, Naiara Zamarreño eta Xabier Oleaga izango dira.
Ekitaldian parte hartzeko sarrera irekia izango da, aforoa betetzen den arte, eta bukaeran liburuaren ale bat jasotzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Ekitaldian izateko aukerarik izan ez eta argitalpenaren ale bat jaso nahi dutenek ostegunetik aurrera Lekuona Fabrikako beheko solairuan eta Beraungo aldakoeneko beheko solairuan jaso ahalko dute aleak bukatu arte.
