EH Bilduri bidegorrietarako diru laguntzak ez baliatu izana egotzi dio PSE-EEk
Aldundiak zein Espainiako estatuak dituzten bidegorrietarako diru lerroak izanik, ez erabiltzea egotzi dio EH Bilduri alderdi sozialistak, "kudeaketa eta planifikazio faltagatik".
Alabergako plaza.PSE-EE Fronte berri bat zabaldu du alderdi sozialistak. Oraingoan bidegorriak jarri ditu erdigunean. Zehazki, horietara bideratutako aldundiaren zein FEF Espainiako Trenbideen Fundazioaren diru laguntzak ez baliatzeagatik EH Bilduk “550.000 euro baino gehiago galdu” dituela azken urteetan salatu du prentsa ohar bidez.
PSE-EEren esanetan “funtsezkoak” ziren bi laguntzari egin omen zien uko udalak 2023an: “Gipuzkoako Foru aldundiaren Jasangarritasun departamentuaren 253.000 euroko laguntza bata; Espainiako Trenbide Fundazioaren 207.000 eurokoa, bestea. Biak Alaberga eta Erdiguneko bidegorria egitera bideratuak”. Egoera hori berriro errepikatu dela aurten gaineratu dute sozialistek, “aldundiaren 100.000 euroko diru laguntza batekin”.
Hiri mugikortasuna hobetzeko, eta garraio garbi, seguru eta jasangarriagoa sustatzeko aukera galtzea da sozialisten aburuz laguntza horien galera: “Ez da gertaera isolatua, ekiteko ezintasun jokamolde baten parte baizik, eta horren ondorioz, mugikortasun jasangarriarentzat ezinbestekoak diren oinarrizko azpiegituren garapena blokeatuta dago”.
Erdialdea eta Alabergarako aurreikusitako bidegorrien lanak datorren urtean exekutatzea “behar-beharrezkoa” jo dute gainera, sozialistek, “onartezina da proiektuak luzatzea edo gal daitezen kudeaketa faltarengatik, Olibeteko aparkalekua, Iztieta-Ondartxoko Mataderoa, edota Barandiaran parkearekin gertatu den moduan”.
