Andra Mariren kontzertua Santa Zeziliaren harira
Santa Zezilia egunari begira kontzertua antolatu du igandean Andra Mari Abesbatzak eta Orkestrak.
Gartzia, Arzamendi eta Sierra. Santa Zezilia Eguna izango da hilaren 22a eta horri begira, urtero moduan kontzertua ondu du Andra Mari Abesbatzak eta Orkestrak. Igande honetan —hilak 16— egingo dute kontzertu hori, 18:30ean hasita. Xehetasun denak, Arantxa Arzamendi Andra Mari Abesbatzako presidenteak, Andoni Sierra Andra Mariren zuzendari artistikoak, eta Maite Gartzia Kultura zinegotziak eman dituzte gaur goizean egindako agerraldian.
Musikarien egunak garrantzia handia duela Europan jarri du nabarmen Artzamendik, “kontzertu ugari antolatzen dira horren bueltan, eta hori horrela, guk gurea aurreratu egin dugu urtero bezala”. Fatima Andra Mariaren elizak hartuko du kontzertua, eta oholtza gainean Andra Mari abesbatza eta Orkestra ariko dira. Ibilbide luzea du soinean Andra Mari abesbatzak, eta hori nabarmen jarri du Arzamendik, izan ere, 60 urte beteko ditu datorren urtean, “1966an sortu zen Fatimaren Parrokian abesbatza Jose Luis Ansorena musikagile eta abesbatza zuzendariaren eskutik, eta egia da ibilbide luze hori ezinezkoa genukeela bazkideen babesa eta laguntza ekonomikorik gabe. Udalaren laguntza ere, ezinbestekoa dugu”.
Kontzertu ederra iragarri du Arzamendik. Sarrerak salgai daude jada, online (klik hemen) baita presentzialki ere kontzertu egunean eliza atarian 17:30etik aurrera. Tarifa orokorra, 10 eurokoa da; bazkideena, 6 eurokoa.
Kontzertuaren gainekoak Sierrak berak azaldu ditu. Aurretik eskerrak eman dizkie zuzendariak udalari, bazkideei eta Kutxa Fundazioari ere. Mozarten Requiem lana aukeratu du emanaldirako. Arrazoia, Sierrak azaldu du: “Aspaldian ez dugu interpretatu eta badakigu jendearen gustukoa dela. Gurekin batera lau abeslari ariko dira bakarlari, lau gazte, hori da gure apustua. Aitor Garitano tenorra izango da, Oier Yañez baritonoa, Maria Izaga Mezzoa, eta Haizea Lorenzo sopranoa. lauak oso ikasle onak, batzuk profesionalean ari dira eta ziur naiz paper ederra egingo dutela kontzertuan”. Abesbatzan 70 lagun izango dira, eta orkestran 25 lagun, denak gazteak.
Emanaldiko obrarik nagusiena, hortaz, Requiema izango da. Iraupena, berriz, 60minutu ingurukoa izango da.
Programa entzuteko erraza, atsegina eta oso erakargarria den zalantzarik ez du Sierrak eta bertaratzera deitu ditu herritarrak. Bide beretik egin du Gartziak. Kultura zinegotziak eskertu egin dio Andra Mariri egiten duen “lan eskerga”, baita aitortu ere, emanaldi “bikainak” antolatzen dituztela nabarmen jarrita: “Badakigu mimo handiz antolatzen eta prestatzen dituzuela kontzertuak”.
