Buruan 'frontala' jarri eta segi aurrera
Jada ezagun dira Lezoarrak Korrikalari Taldekoen elastiko berde-zuriak. Herriko lasterkarien bilgunea da. Egiten dituztenen artean, badute jarduera berezi bat: Gaueko Topaketak.
Gaueko Topaketa baten hasierako talde argazkia. Lezoarrak Korrikalari Taldea Ukaezina da gero eta korrikalari gehiago daudela. Kirolaren modalitate horrekin bat egiten ari diren herritarren kopurua gorantz doa. Horren seinale, ia edonon eta edonoiz lasterkariren bat ikus daitekeela hara-hona bidea egiten, izan gazte, heldu, emakume edo gizon. Lezon ere hala da. Herrian afizio hori dutenen bilgunea Lezoarrak Korrikalari Taldea da. Dozenaka partaidek paseatzen dituzte Lezoren izena daramaten elastiko berde-zuriak entrenamenduetan, nahiz asfaltoko edo mendiko lasterketetan. Badute, baina, jarduera berezi bat. Gaueko Topaketak dira.
Kirola egiteko arropa jarri, eta kalera atera. Sinplea da liturgia. Berezitasun bat zaindu behar dute hori egiten dutenek, etxetik frontala edo buruan jartzen den argitxoa jaitsi behar dute Gaueko Topaketetara. «Maiz, lagun artean entrenatzeko egunaren azken orduetan elkartzen ginen. Familia, lan eta bestelakoak ditugu denok. Orduan, pentsatu genuen hori era antolatuagoan egitea. Horrela sortu ziren Gaueko Topaketak; lagun artean gelditu beharrean, ilunabarreko entrenamendu horiek herrira zabaltzea erabaki genuen», azaldu du Axi Castrok, Lezoarrak Korrikalari Taldeko kideak.
Izan ere, 19:00etan gelditzen dira, jada udazken-neguan ilun denean, entrenamendua egiteko saio horietarako, plazan. Aste honetan asteazkenean egin dute kedada, Behobia-Donostiaren ondorengo entrenamendu lasaigarrian. Hurrengoa hilaren 26an egingo dute, 10 bat kilometroko mendiko bideari eutsiko diote izarren eta ilargiaren laguntzarekin, buruko argiek gidatuta. Izerditu eta lokaztu ondoren, pintxo-potea: «Korri egitea gustuko dugu, bai. Baina jatea eta garagardoren bat hartzea ere bai. Giro onean lasterketez, egiten dugunaz, eta egin nahi dugunaz hitz egiten dugu. Eta jatea ia-ia korri egitea baino gehiago gustatzen zaigunez, bada pintxo-potea oso erakargarria dela iruditzen zaigu», azaldu du Castrok
Egun batzuk izan dira 20 lagun bildu direla iluntzeko lasterkaldi horietara, baina bi ere izan dira. Hau da, egunetik egunera partaideen kopurua aldatzen da. Baina premisa bat dute ikasturte honetan bigarrenez abiatu duten topaketekin: lasai joatea, lagun giroan korrika egiteaz gozatzea, eta aldi berean, gauez korrika egiteari errespetua kentzea batez ere gaualdiko probak daudenean horietan hobeto aritzeko, eta frontalera ohitzeko.
Deigarria da, oso, han urrunetik argitxo mugikor batzuk hurbiltzen ari direla ikustea. Are gehiago horiek mendian zehar ikusten badira, ipurtargien antzera. «Geroz eta jende gehiago animatzen ari da korri egitera. Uste dugu balio batzuk ere badituela taldean korri egiteak, bata bestea zaintzen dugu, motelen doazenei itxaroten diegu, denen erritmoak errespetatzen ditugu. Nahi duena hurbil dadila gugana», ebatzi du Castrok: «Ez gara lehiatzeko talde bat. Ondo pasatzeko talde bat gara».
52 bazkide
Aurretik korrikalarien bilguneak izan arren, Lezoarrak Korrikalari Taldea duela bi urte hasi zen era egituratuan aurrera egiten, Axi Castrok esan duenez. «Beste herrietako korrikalariak haien herrietako elastikoekin ikusten genituen. Lagun talde batek erabaki genuen Lezokoak ere ateratzea. Jada 150-200 elastiko egin eta banatu ditugu. Ohorea da herriaren izena izaten garen lasterketetan eramatea», dio. Gainera, korrikalarien topaguneak 52 bazkide dituela azaldu du Castrok, eta adierazi du nahiko luketela emakume gehiago batzea korrikalari taldera. «Herri giroan eragiteko gure modua da lasterka aritzea. Denei zabalik den taldea gara».
