Trafikoan aldaketak Meipin, babarrun jatearen harira
Lezobidea kalea itxita izango da bihar 11:00etatik igandeko 01:00ak arte.
Babarrun jatea egingo dute bihar Meipin. Hori horrela, trafiko aldaketak izango dira Donibaneko eremu horretan. Zehazki, Lezobidea kalea itxita izango da bihar, larunbata, 11:00etatik igandeko 01:00ak arte. Barrutira sartu eta bertatik irteteko Bizkaia plazara Larrabide errepidetik eta San Roke nahiz Juan XXIII kaleetatik sartu beharko da; atera berriz, Bordalaborda kaletik.
Autobus zerbitzuan ere izango dira aldaketak. Meipiko biribilgunean ezarriko dute geltokia hilaren 15eko 11:00etatik aurrera. Hilaren 16an, zerbitzua betiko moduan eskainiko du autobusak.
Meipiko jai batzordeak Xantixa elkartearekin batera antolatu du babarrun jatea, eta egitaraua bazkaritik harago doa. 11:30ean haurrentzako jolasak izango dira; 14:00etan herri bazkaria izango da, eta ondoren bingo solidarioa. 18:00etan futbolin txapelketaren finala hasiko da, eta hura bukatuta, DJ kabuxaren emanaldia izango da.
