Musika kalera aterako dute Trintxerpen
Pasaiak bat egin du Musikalean egitasmoarekin. Bihar Juanje Neirako trikitilariek aterako dute musika kalera. Ostiralean txistularien txanda izango da.
Hilaren 22a Santa Zezilia eguna da, musikarien zaindaria, eta Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak Musikalean egitasmoa antolatu du beste urte batez. Musikalean hilaren 17tik 21era bitartean izango da, eta 60 musika eskola ingurutako 1.700 ikasle eta irakasle baino gehiagok musika kalera aterako dute, jai giroan.
Pasaiak bat egin du Musikalean iniziatibarekin, eta Juanje Neira Pasaiako Udal Musika eta Dantza Eskolako trikitilariak biharko (asteartea, hilak 18) 19:00etan aterako dute musika kalera. Ostiralean (hilak 21), aldiz, txistularien txanda izango da, 18:00etatik aurrera. Trikitilariak eta txistulariak Andonaegitik aterako dira, eta Trintxerpeko bazter guztiak musikaz blaituko dituzte. Euria egingo balu, Serafin Esnaola plazara lekualdatuko lituzkete jarduerak.
