Edukiz bete du Santa Zezilia Eguna Herri Arte Eskolak
Astebeteko kontzertu zikloa egingo dute, Errenteria-Oreretakoko jubilatuen elkarteetan, herriko kaleetan eta Lekuona Fabrikan, hilaren 21etik 25era bitartean.
Gaur egin dute aurkezpena.Herri Bizia Gogotik ospatuko dute Santa Zezilia eguna Herri Arte Eskolako musikariek. Izan ere, astebeteko kontzertu zikloa egingo dute, Errenteria-Oreretakoko jubilatuen elkarteetan, herriko kaleetan eta Lekuona Fabrikan, hilaren 21etik 25era bitartean.
Herri Arte Eskolak ziklo hau antolatu du hezkuntza artistikoa eta kultura udalerriko hainbat auzotara hurbiltzeko eta kulturarako sarbidea errazteko xedez. Herriko erretiratuen elkarte guztiekin elkarlanean antolatu du egitaraua. Gainera, zikloko kontzertuak formatu ezberdinetakoak izango direnez, ikasleei askotariko kontzertuetan parte hartzeko aukera emango die, baita beraien ikasketa prozesua esperientziaren bitartez garatzeko tartea ere.
Egitaraua
Hilaren 21ean, 18:30ean, eskolako kantu, soka, haize, piano eta trikitixa ikasleek kontzertuak eskainiko dituzte bakarka edo taldeka. Emanaldiak Errenteria-Oreretakoko erretiratuen sei elkartetan izango dira: Gabierrotako Laguntasuna, Alabergako La Magdalena, Galtzarabordako Parkea, Kaputxinoetako San Jose, Pontikako Arramendipe, eta Olibeteko Beti Bizkor erretiratuen elkartean.
Hilaren 22an, Santa Zezilia egunean, 12:30ean, Herri Arte Eskolako egitarauaren emanaldi nagusia egingo da Lekuona Fabrikan. Bertan, Herri Arte Eskolako ganbera orkestrak, bandak eta Herri Arte Eskolako ballet eta dantza urbano garaikideko ikasleek emanaldiak eskainiko dituzte. Gainera, jaialdian bertan estreinatu berri den Atlantikaldia 4.0 dantza eta musika proiektuaz gozatzeko aukera izango da. Ikuskizun honek euskal kultura eta Okzitaniakoa uztartzen ditu, bi lurraldeetako instrumentu, doinu eta dantzak josi dituzte horretarako. Herri Arte Eskolako Antzerki ikasleek aurkeztuko dute ekitaldia. Emanaldirako sarrerak doakoak izango dira, baina gonbidapena jaso beharko da Herri Arte Eskolako arreta zerbitzuko bulegoan.
Hilaren 23an, 9:30etik aurrera, Udal Txistulari Taldeak diana egingo du erdiguneko kaleetan. Ondoren, kontzertu berezia emango du Herri Arte Eskolako txistu eta perkusio ikasleekin eta herriko beste hainbat txistularirekin batera. Hitzordua 12:00etan izango da, Xabier Olaskoaga plazan. Egitaraua ixteko, hilaren 25ean, 19:00etan, Herri Arte Eskolako helduen hari taldeak kontzertua eskainiko du Agustinetako San Agustin erretiratuen elkartean. Ordu berean, txalaparta taldea eta albokariak arituko dira Beraungo Bienvenido erretiratuen elkartean.
