Hirutik hiru Donibaneko gizonentzat
Donibane Eskubaloiako gizonen hiru taldeek garaipena lortu dute asteburuan. Emakumeek, aldiz, zeramaten bolada ona eten zuten Zumaian.
Asteburua bikaina izan da Donibane Eskubaloiako gizonen hiru taldeentzat, hiruek lortu baitute garaipena. Gizonen talde nagusiak sendo jarraitzen du lidergoan jokatutako zazpi partidak irabazi ondoren. Igo berria den taldea izan arren, primeran ari dira arrosak Euskadiko Senior Ligan. Larunbatean Eibar B menderatu zuten Donibanen, bigarren zatian markagailua irauli ondoren (33-25). Bigarren taldeak ere bi puntuak Donibanen utzi zituen, Legazpiri 29-27 irabazita. Azkenik, kadeteek asteburua biribildu zuten Zumarragan, Urola mendean hartuta (28-30).
Bestalde, emakumeek ezin izan zioten zeramaten bolada onari jarraipena eman, eta punturik gabe itzuli ziren igandean Zumaiatik Pulporen kontra galdu ondoren (40-27).
