Lezoko Mugimendu Feministak eta udalak indarkeria matxista zokoratuko dute
Gaurtik (hilak 18, asteartea) 30era askotariko jarduerak antolatu dituzte herriko eragile feministek eta udalak.
Indarkeria matxista zokoratzeko egitaraua antolatu dute Lezoko Mugimendu Feministak eta udalak elkarlanean, Azaroaren 25aren harira. Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira antolatutakoak gaur (hilak 18, asteartea) hasi eta 30era arte iraungo dute. “Hausnarketarako, elkarlanerako eta kontzientziaziorako eguna izateaz gain, indarkeria matxistaren aurkako borrokarako egun garrantzitsua da. Azaroaren 25ak emakumeenganako indarkeria agerian jarri eta egungo gizartearen lehen mailako arazoa dela ikusarazten du”, azaldu dute udaletik.
Egitarauaren barruena izaera ezberdineko jarduerak prestatu dituztela adierazi dute mugimendu feministako eta udaleko ordezkariek. “Jarduera horiek herritarren kontzientziazioa areagotzeko eta elkartasun sareak indartzeko helburua dute, eta herritar guztientzat dira”. Hortaz, lezoar guztiak parte hartzera eta aldarriekin bat egitera gonbidatu dituzte.
Lezoko Udaleko Berdintasun Sailak eskerrak eman dizkie aldarrikapen egunera atxikitako eragile guztiei, eta berretsi du lezoar guztiek dutela tokia horietan parte hartzeko
Beheko zerrendan daude antolatutako ekintzak.
Lezoko Azaroaren 25aren harirako jarduerak.
- Hilak 18, asteartea. 18:00etan, Kultura Aretoan, gurasoentzat prestakuntza saioa: Seme-alabekin indarkeria matxistaren gaiari nola eutsi, Idoia Lekuek gidatua.
- Hilak 25, asteartea. 19:00etan, Karlos Saldise plazan, ekitaldi nagusia eta ondoren kantu jira.
- Hilak 26, asteazkena. 18:00etan, Kultura Aretoan, Indarkeria matxista eta ezgaitasuna hitzaldia Elkartuko kide Rosa Ugalderen eskutik.
- Hilak 27, osteguna. 19:30ean, Gezala Auditoriumean, Beatriz Egiazabalen Gregoria bakarrizketa.
- Hilak 30, igandea. 19:30ean, Gezala Auditoriumean. Mirari Martiarenaren eta Ane Labakaren Norbere mundu intimo ikuskizuna.
- Hilaren 24tik 30era. Merkataritza establezimenduen ateetan zapata gorriak uzteko eskaera egin dute.
