Milei eta Argentinako eskuin muturra hizpide, Landaren
Hilaren 26an izango da hitzaldi hori, asteazkena, 19:00etan hasita.
Federico Giulliani argentinarra.Joseba Fonseca/ Resumen Latinoamericano Javier Milei eta Argentinako eskuin muturra hizpide izango dituen hitzaldia antolatu dute Landare Herriko tabernak eta Resumen Latinoamericanok. Milei y la pesadilla ultraderechista en argentina izenburupean Landaren bertan izango da hitzaldia hilaren 26an, asteazkena, 19:00etan hasita.
Hizlariak Federico Giuliani (Rio Cuarto, 1975) ATE Asociacion de Trabajadores del Estado eta Kordona probintziako CTA Autonomako Central Trabajadores de La Argentina idazkari orokorra da. Pasa den hilabetean iritsi zen Euskal Herrira, eta Gabonak bitartean izango da bertan. Jaioterrian jazarpena pairatzen duten giza eskubideen ekintzaileak hartzen dituen Gallartako Martin Etxean aurkitzen da. Besoa apurtuta kartzelan egun batzuk pasa ondoren heldu zen Euskal Herrira, protesta baketsu baten testuinguruan hartu zuten atxilo.
Jaioterrian bizi duen jazarpen judizialaren salaketa egitearekin batera—zazpi auzi ditu zabalik— elkartasun sareak josi nahi ditu Giulianik, baita eskuin muturra boterera heltzeak suposatzen duen arriskua azaldu ere. Resumen Latinoamericanok egindako elkarrizketa —gaztelaniaz da— irakurtzeko, egin klik hemen.
Harekin batera, Carlos Aznarez, Resumen Latinoamericano egunkariaren zuzendaria, eta Argentinako OLP-Resisitir y Luchar erakundeko kidea. 1947 Buenos Airesen jaioa, 1996 Euskal Herrira etorri zen bizitzera, gero Argentinara itzuli zen eta han bizi da egun. Nazioarteko politikan aditua da, eta Resumen Latinoamericano aldizkariaren zuzendaria. Hogei urtetik gora eman ditu kazetari Argentinan, Noticias, La Razon, Pagina 12 eta Sur egunkarietan, edota Crisis eta Fin de siglo aldizkarietan. Diktadura militarra baino lehen eta ondoren Argentinako zenbait erakunde iraultzailetan hartu izan du parte. Behin Argentinatik kanpo, bertako Noticias de la actualidad aldizkariaren berriemailea izan zen zortzi urtez. Euskal Herrian Egin, Gara eta Euskaldunon Egunkaria egunkarien Nazioartea eta Iritzia ataletan izan zen kolaboratzaile. Ardi Beltza eta Kale Gorria ikerkuntza aldizkarien Hego Amerikako sailaren buru izan zen eta Txalaparta: hitzak eta ideiak aldizkaria zuzendu zuen.
Liburuak ere idatzi ditu aznarezek: Tupamaros (Buenos Aires, 1967), El padrino de la mafia sindical (Buenos Aires, 1988) 500 años después: ¿descubrimiento o genocidio? (Madril, 1992), Los sueños de Bolivar en la Venezuela de hoy (Txalaparta 2000) eta Javier Arjonarekin Rebeldes sin tierra (Txalaparta 2002) liburuak argitaratu ditu.
