2026rako udal-aurrekontei ekarpenak egin nahi dizkio PSE-EEk
Proposamen andana aurkeztu du Errenteriako PSE-EEk gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan.
Errenteriako PSE-EEk prentsaurrekoa eskaini du gaur, 2026rako udal-aurrekontuak osatzeko proposamena aurkezteko. Isaac Palencia eledunak hartu du hitza, eta 3,5 milioi euro inguruan baloratutako ekimena osatu dutela aipatu du, auzoen eta auzotarren bizitza hobetzeko helburuz. Zehaztu duenez, udalerriaren beharretara egokituta egin dute plana, hiru ardatz nagusitan oinarrituta: lurralde oreka, sustapen ekonomiko zein komertziala eta hiri hobekuntza.
Planeko ekimenen artean garrantzitsuena da Urdaburu plazaren erabateko berrikuntza. PSE-EEren iritziz, ezinbestekoa da Galtzaraborda auzoko espazio publikoak biziberritzea, eta elkarbizitza hobetzeko eta eremua dinamizatzeko beharra ere ikusten dute. 700.000 euro bideratu nahi dituzte horretara 2026an, eta 800.000 euro 2027an. Galtzaraborda auzoan bertan, Jaizkibel kalearen eta Galtzaraborda etorbidearen artean igogailu bat jartzea ere proposatu dute, edota Pio Baroja eraikina birgaitzea.
Beraunen kasuan, berriz, Palenciak esan du auzoak irisgarritasun, urbanizazio, mugikortasun eta dinamizazio arazoak dituela, eta bi proiektu nagusi dituztela gehitu du. Batetik, Beraun kaleko parkingean bigarren pisu bat eraikitzea, autoekin sortzen den tentsioa baretzeko; eta, bestetik, Aita Donostia eta Maurice Ravel kaleak birgaitzea. Azkenik, salatu dute Kaputxinoetako Sorgintxulo dorreetako etxabeen egoera tamalgarria dela, eta 150.00 euro bideratzeko asmoa adierazi du auzoko segurtasuna, estetika eta espazio publikoen erabilera hobetzeko.
Bultzada ekonomiko, sozial eta kulturala
Proposamenez gain, Errenteriako garapen ekonomiko, sozial eta kulturala sustatzeko hainbat ekimen ere aurkeztu dituzte. Horien artean garrantzitsuena, Beraun, Galtzaraborda eta Iztietarako Komertzio Plana: 200.000 euro bideratzeko intentziotan omen daude, bertako komertzio-eremu zaharkituak berritzeko. Horrekin batera, merkataritza eta hostalaritza sustatzeko plataforma digital bat sortzeko asmoa ere adierazi dute, informazioa bateratu eta sektoreko lehiakortasuna indartze aldera.
Bestalde, sozialki, jubilatu-elkarteetara eta Gurutze Gorrira bideratutako diru-laguntzak handiagoak izan daitezela eskatu dute, eta auzoetako jaietarako eta Madalenetarako musika-programarako gastua ere handitu beharko litzatekeela argudiatu. Horrez gain, Palenciak aipatu du bizikleten alokairurako EBizi proiektuaren apustua dutela eskuartean, eskualdeko beste hainbat herrik jada egin duten bezala, eta 30.000 euroko inbertsioa aurreikusi du horretarako. Ildo berean, Errenteriako Eraztun Berdea sortzea ere proposatu dute, 100.000 euroko gastua izango lukeena, hiritarren mugikortasuna sustatzeko.
Amaitzeko, Isaac Palenciak azpimarratu du, Errenteriako PSE-EEren udal-taldearen izenean, proposamen zerrenda hori ikuspuntu eraikitzaile eta arduratsu batetik osatu nahi izan dutela, eztabaida serio bat irekitzeko borondatearekin.
