Familia ez da beti espazio segurua
Familia barneko indarkeriaz mintzatuko dira San Pedroko jubilatuen egoitzan. Bikote heterosexualen indarkeriaz harago dauden biolentzia kasuak identifikatu eta haiei nola erantzun hausnartuko dute.
Indarkeria matxista leku eta forma oso ezberdinetan jasan daiteke. Familia barruan ere bai. Biolentzia intrafamiliarra izango dute hizpide Azaroaren 25aren harira Pasaiako Udalak eta herriko eragileek egindako programazioan, zehazki, abenduaren 4an emango duten tailerrean. Emaize Sexologia Zentroak bideratuko du saioa. “Bikote heterosexualetatik harago ematen den familia barneko indarkeria matxista identifikatzea dugu helburu saio hauetan“, adierazi du Ainhoa Aira Calero sexu hezitzaileak. Abenduaren 4an emango dute, 17:30etik aurrera, San Pedroko jubilatuen egoitzan.
Saio irekiak eta parte hartzaileak dira Emaizeko kideek egiten dituztenak, eta gainera, ez da lehen aldia Pasaian izango direla. Iaz ere, Azaroaren 25a zela eta, saio berbera eman zuten. Caleroren ustez, badira gaur egun ezkutuan gelditzen diren indarkeria kasuak. “Gaur egun garrantzia handia ematen zaio bikote heterosexualen artean ematen den indarkeriari, baina badira beste kasu asko atzean gelditzen direnak, askotan ez dutenak beharrezko atentzioa edukitzen”. Kasu horien sentsibilizazioa eta horiek identifikatzen ikastea funtsezkoa da Emaizeko sexu hezitzaileen ustez, eta gizartean jarraikortasunez ematen diren egoerak diren heinean areago.
Identifikazioaz gain, horren aurrean prebentzioa eta esku hartzea dira saiora bertaratzen den orok barneratu beharreko ideiak. “Familia barnean indarkeria mota asko eman daitezke, eta ez dira denak indarkeria matxistak. Baina guk, gure ikuspegitik, eta saio honetan, indarkeria matxistan zehaztuko dugu oinarria”, adierazi du Ana Ramirez de Ocariz Sorolla Emaizeko sexologian adituak. Bikotekidearen formatik harago doazen botere harremanetan indarkeria matxista oso presente dago gizartean Ramirez de Ocarizen ustez. Horren adibide bat jarri du: “Migrazio prozesu baten ostean, ama batek bere seme-alabak bera dagoen tokira eramaten ditu, horrela familia osoa berriz ere elkartuz. Seme-alaba horiek jada nerabezaroan baldin badaude, eta haien ama denbora batean ez badute ikusi, agian ez dute autoritate figura baten moduan ikusten, eta hor hainbat egoera eta iskanbila sor daitezke egunerokoan”.
Ezkutuko kasuak
Bi sexologoen ustez, patriarkatuak duen eraginaren adibide handi bat da familia barneko indarkeria. “Patriarkatua erreproduzitzeko familia sistema tradizionala beharrezkoa da. Lehen jarritako adibidean, emakume migratzaile horrek usteko du zerbait normala dela gertatzen zaiona, eta agian ez da konturatuko jasaten duen indarkeria hori, alde batetik emakumea delako jasango duela, eta hori patriarkatuaren eraginak sortu dituen ideiak bultzatuta pasatzen dela”. Halere, badaude beste hainbat kasu, eta horietako beste bat aipatu nahi izan du Ramirez de Ocarizek: “Zer gertatzen da familia tradizional bateko haur edo gazte batek homosexuala dela aitortzen duenean? Sexu aniztasunaren barnean, indarkeria intrafamiliarra argi ikus daiteke”.
Caleroren arabera, indarkeria matxista ez da beti gizonengandik emakumeengana ematen. “Noski gehiengoa dela, hori argi dago, baina badaude indarkeria kasu asko zehaztasun handiarekin ikusi beharko genituzkeenak. Botere sare asko oso konplexuak dira, eta zorroztasun handiz aztertzekoak. Dena begiratu beharra dago”.
Betaurreko moreak kontzeptua azken urteetan asko erabili den zerbait da, mundua ikuspegi feministarekin ikustea defendatzen duena. Ramirez de Ocariz: “Beti aipatu izan ditugun betaurreko moreei graduazioa jarri behar diegu, eta ezkutuan gelditzen diren egoera horiek ikusi egin behar ditugu. Nire inguruan zerbait ikusten dudanean, seguru badudala beste forma batean begiratzeko aukera, eta agian horrela ikusita, laguntza eskaintzeko erraztasun gehiago edukiko ditut“.
Errealitatearen bi aldeak
Familia bakoitzak errealitate bat dauka, eta errealitate bakoitzean bi egoera gerta daitezke. Egoera okerretan, biolentzia intrafamiliarra ematen den kasuetan, leialtasuna kontzeptu oso errotua da Ramirez de Ocarizen ustez. “Askok uste dute ezin dutela bere ahaidea salatu, eta ezeztatu egiten dute gertatzen zaiena. Indarkeria seme-alaben aldetik datorrenean oso ohikoa da pentsatzea gauza normala dela, eta ez dela indarkeria kasua”. Badira ere gizonen boterearen menpe bizi behar direla txikitatik barneratu duten emakumeak, gehienbat gaur egun zahartzaroan daudenak. Haien senarren mesedean ez ezik, haien seme-alabenean ere bizi dira, beti ere bera bigarren plano batean utziz.
Baina errealitateak bi alde dituenez, ona eta txarra, badira ere zahartzaroan diren emakumeak eta planto egiten dutenak. “80 urterekin nahikoa dela esaten duten emakumeak badira, eta une horretan haien gustu eta baldintzekin bizitzen hasten direnak. Bat-batean boterea sentitzen dute. Gaur egun adineko emakume asko ikusten ditugu kalean, eragile moduan, hainbat ekintza egiten, feminismoaren alde”, esan du Ramirez de Ocarizek.
Caleroren iritzia da emakume zahar askok gaur egun bikote heterosexualetan ematen den indarkeria oso errotua dutela haien bizitzan, baina badira ere beste indarkeria mota batzuen erantzule. “Indarkeria matxista askok pairatzen dute, bai, baina guk gure saioan nahiago dugu erakutsi emakume horiek haien bilobekin izan dezaketen harremana, adibidez. Hala nola bilobak bere sexualitatea edo genero adierazpena erakusten hasten denean epaitu egiten dituzten amonak”.
Adin, sexu, jatorri eta ikuspuntu ezberdinak dituzten pertsonentzat egindako saioa izango da San Pedroko erretiratuen etxean abenduaren 4an eskainiko dutena. “Jendea animatu nahi dugu, eta bereziki gizonak. Normalean ez dira halako gauzetara hurbiltzen, baina hemen denok dugu ikasteko beharra”. Errespetuz eraikitako bizikidetza familiarra izatea da markatzen duten helburua. “Guztiok gara gizakiak, eta elkarrekin eta errespetuz bizi nahi dugu soilik”, azaldu du Ramirez de Ocarizek.
