'Goazenba!' ipuinaren kontaketak, astelehenetik aurrera
Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira, udalak hainbat jarduera antolatu ditu hilaren 24tik abenduaren 17ra. Datorren astean ipuin kontaketak egingo ditu Mikel Susperregik, lau barrutietan.
Atzo (hilaren 20a) Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna izan zen. Pasaian haur eta nerabeen eskubideak goratuko dituzte datozen egunetan, eta Pasaiako Udalak hainbat jarduera antolatu ditu hilaren 24tik abenduaren 17ra bitartean. Horien artean, antzerkiak, ipuin kontaketak edota hitzaldiak programatu dituzte. Jardueretako batzuk haur eta nerabeei begirakoak dira; beste batzuk, aldiz, gurasoentzako dira. Orotara, zortzi ekintza ondu dituzte haur eta nerabeen eskubideak lehen lerroan jartzeko.
Jarduerak astelehenean (hilaren 24an) hasiko dituzte, Donibaneko liburutegian. Mikel Susperregik Goazenba! ipuinaren kontaketa egingo du, 17:30etik aurrera. Donibanekoa ez da ondu duten ipuin kontaketa bakarra, saio bana antolatu baita barruti bakoitzean, den-denak 17:30ean. Saioak 4 urtetik gorako haurrei begirakoak dira, eta barruti guztietan ipuin bera kontatuko du Susperregik. Asteartean (hilaren 25ean) Trintxerpeko liburutegian izango da saioa. Asteazkenean (hilaren 26an), aldiz, San Pedroko liburutegian izango da kontaketa. Azkenik, ostegunean (hilaren 27an) Antxoko liburutegian izango da Susperregi. Sarrerak doakoak dira, liburutegietako edukiera bete arte.
