House Action kongresuan parte hartu Errenteriako Udalak
Etxebizitza eskubidea bermatzeko hartu beharreko neurriak landu zituzten kongresuan, eta bertan izan zen Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea.
Joan den asteazkenean House Action nazioarteko kongresuaren lehen edizioa egin zuten Donostiako Tabakaleran. Hiri erresilienteak tentsionatutako egoitza-merkatuen aurrean lelopean, etxebizitza eskubidea bermatzeko hartu beharreko neurriak landu zituzten nazioarteko ordezkariek, erakunde publikoetako arduradunek, adituek eta sektoreko profesionalek. Tartean, Errenteriako Udalaren ordezkari gisa, Aizpea Otaegi alkateak ere parte hartu zuen, beste zenbait alkaterekin batera egindako mahai-inguruan, Irungo, Hospitalet de Llobregateko, Alcorcongo eta Barakaldoko ordezkariekin hain zuzen.
Hiri horiek guztiek partekatzen duten arazoa da tentsionatutako hiriburu baten ondoan daudela, eta horrek presio gehigarria eragiten diola bertako etxebizitza-errealitateari. Errenteriari dagokionez, Otaegik argi utzi zuen Donostiak herrian duen eragina: “Gure herrian, herritik kanpora bizitzera doazen eta herrira bizitzera datozen gazteen arteko balantzea positiboa da, alegia Donostiatik kanporatutako gazte andana ari da Errenteriara bizitzera etortzen. Horrek gure herriko eskaerari erantzuteaz gain presio gehigarri garrantzitsua suposatzen du gure etxebizitza errealitatean. Gainera, Donostiatik datozen gazteen errenta maila gure herrikoena baina altuagoa baita, bataz beste”.
Lankidetza metropoliarra
Tokian tokiko egoeren diagnostikoak ez ezik, mahai-inguruan arazo horri aurre egiteko hartu beharreko neurriei eta landu beharreko estrategiei buruz ere aritu ziren alkateak. Besteak beste, eremu metropolitarra partekatzen duten udalerrien arteko koordinazioa eta politiken lerrokatzea nabarmendu zuten, beti ere etxebizitzaren arloan eskumenak dituzten zenbait instituziorekin elkarlanean. Izan ere, eta aipatu zutenez, planifikazio komunik ez badago, hiriburuetako erabakiek eragin nabarmenak izan ditzakete inguruko herrietan. Otaegik etxebizitza turistikoekin gertatutakoa jarri zuen horren adibide. Errenteriako alkateak esandakoaren arabera, Donostiak etxebizitza turistikoen moratoria onartu eta hurrengo urtean, % 50 hazi zen etxebizitza turistikoen kopurua Errenterian. Ondorioz, etxebizitza turistikoen lizentzia berriak eten behar izan zituzten, etxebizitzen bizitoki funtzioa babesteko.
